Estreinakoz hiru saski aukeran, Errigoraren udazkeneko kanpainan

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 13a, 09:09

Bi berrikuntza nagusi dakartza Errigoraren urte garai honetako kanpainak; hiru saski izango dituzue aukeran eta jasotako laguntzaren zati bat, Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzara eta "Agerraldia" izeneko zonaldeko euskara plazara ateratzeko ekimen berria laguntzera bideratuko dute. Azaroaren 20ra arteko epea duzue eskaerak NOAUA!tik bideratzeko, edo errigora.eus atarian sartuta.

Martxan da seigarren urtez, Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka”, zonalde hartako tokiko produktuak eta euskalgintza sustatzeko kanpainaren edizio berria. “Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz”, Errigoraren esanetan.

Dagoeneko guztiz errotua dagoen egitasmoa dugu, Euskal Herrian herriz herri auzolanean aurrera eramaten dena. Eta lorpenak aipatzeko modukoak dira. Aurreko bost urteetan saldu dituzten ia 80.000 saskiekin milioi bat euro bideratu dute euskalgintzara. Ehunka nekazarik eta 25 kontserba-etxe eta olio-errotek esku hartu dute ekimen erraldoi honetan. 

Euskara plazaratzeko, "Agerraldia"
Zenbait berrikuntza dakartza aurtengo kanpainak; batetik, bi ez, Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktudun hiru saski izango dituzue aukeran. Ohi bezala, "saskien balioaren %25 bideratuko da zonaldeko ikastolei, Sortzeni eta AEKri laguntzera", eta aurten estreinakoz, "Agerraldia abian jartzera". Ekimen berri hau, Agerraldia, "euskara herriko plazetara" ekartzeko abiatu dute, "erromatarrek Ager Vasconum deitu zuten, alegia, Nafarroako nekazal guneek osatzen duten" eremu horretan.

"Jaio da Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskalgintzaren eta euskaltzaleen beharrak asetzen laguntzeko beste modu batean: formazioa, finantzazioa, bitartekoak emanez... Erronka da euskararen ezagutza erraztea, erabilera sustatzea eta euskararen aldeko jarrerak bultzatzea eta euskararen presentzia handitzea ildo desberdinetan: kulturan, aisian, kirolean, alor sozioekonomikoan eta instituzionalean". Agerraldia egitasmoaren zeregin nagusietakoa "zonaldeko euskaldunak, euskaltzaleak eta eragilea saretzea izango da". 

3 SASKI AUKERAN
Eskaera epea: urriak 30-azaroak 20.
Eskaerak non: NOAUA! Kultur Elkartea edo online bidez.
3 saski aukeran:
-Saski beltza (50 euro): orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba-olio birjina estra, potxak, mahats-zukua, zainzuri-krema, teilak, melokotoia almibarrean, kardua, tomate frijitua, piper txorizero mamia.
-Saski berdea, ekologikoa (60 euro): orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba-olio birjina estra, potxak, mahats-zukua, arroza, pasta, barazki-menestra, ozpina.
-Saski zuria, berezia (70 euro): orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa (kriantza), patxarana, extra brut, polboroiak, patxaran mantekatuak, txokolatezko arrokak eta pikillo piper marmelada.

Informazio gehiago: errigora.eus