"Herri Txiki, Infernu Handi" saioaren grabazioa 20:00etan Oiardo Kiroldegian

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 14a, 10:57

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik egunotan Usurbilen bildutako ahots eta irudiak erakutsiko dituzte gaur iluntzeko 20:00etan Oiardo Kiroldegian egingo duten azken grabazio saioan. Hitzordurako gonbidapenak eskuragarri jarri eta berehala agortu ziren azaroaren 6an.

Heldu da eguna; Usurbil eta usurbildarrak erretratatuak geratuko dira gaur (azaroak 14), Euskal Telebistako "Herri Txiki Infernu Handi" saioak 20:00etan hasita Oiardo Kiroldegian egitekoa duen grabazioan. 

Azaroaren 6an jarri zituzten gonbidapenak eskuragarri eta ordu gutxiren buruan, agortu egin ziren ia 300 gonbidapenok. Bistan denez, ikusmin itzela eragin zuen deialdiak. Egunotan gure artean izan dugu Euskal Telebistako saioko lan taldea.

Irudien proiekzioa, bertsoak eta bakarrizketak
Aginagan izan ziren iaz urte garai honetan. Ordutik, Euskal Herrian barrena egin duten bidaiaren ostean Usurbila etorri dira oraingoan Euskal Telebistaren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lan taldeko kideak. Egunotan kalean aurkituko zenituzten Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga, Usurbilgo irudi eta usurbildarren ahotsak biltzen. 

Egunotan egindako lana, ostegun honetan, azaroaren 14an 20:00etan Oiardo Kiroldegian egingo duten azken grabaketa saioan erakutsiko dute. Beste herrietan egin izan duten moduan, Gurrutxaga eta Pagadiren bakarrizketak eta Sebastian Lizasoren bertsoak tartekatuko dira emanaldian zehar. 

Egunotan nahiz ostegun honetan Oiardon eginiko grabazioa gerora plazaratuko du Euskal Telebistak, igande gaueko 22:00etan eskaini ohi duen "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan hain zuzen.