Trikiti zaletuen topagunea Usurbil larunbatean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 15a, 08:00

Euskal Herri osoko trikiti zaletuentzako topaketa prestatu du herritar talde batek Usurbilen larunbat honetarako, azaroaren 16rako. 12:00etan ez, azkenean 13:00ean abiatuko dute kalejira Mikel Laboa plazatik. Gero bazkaritarako bilduko dira Andazpe elkartean. Xehetasunak biltzeko, Ane Azkonobieta eta Beñat Arruti antolatzaileekin bildu da NOAUA!.



Euskal Herri mailako topaketa nori zuzendua dago?
Ane Azkonobieta: 
Gu bezalako parranda zaletuei.
Beñat Arruti: Errezilen egin genuen trikiti afari batetik dator ideia. Hasieran Usurbil mailakoa antolatzea planteatzen genuen, gero animatzen hasi ginen eta...
A.A.: Antolatzeko beste afari bat egin eta eskualde mailakoak bai baina orain arte halakorik ez dela antolatu ikusita, Euskal Herri mailakoa izan behar zuela erabaki genuen.

Trikitilariok biltzeko joera baduzue, ez bakarrik herrikoen artean, baita beste txokoetakoekin ere. Zer harreman dago trikitilarion artean?
B.A.: 
Erromeria edo jaialdiak badaude horren inguruan otordu bat egiten da eta denok ibiltzen gara. Beti gertuko eskualdeetan izaten da. Azaroaren 16ko hitzorduarekin, eremua zabaldu eta jende berria ezagutu nahi genuke.

Tritiki zaletasunak batuko zaituzte.
A.A.: 
Trikitixa jo eta trikitiaz gozatzea da helburua.
B.A.: Egitarau irekia osatu dugu. Lehentasun osoa emango diogu trikitiari. Lehenbizi triki-kalejira eta gero bazkalostean giro ona bada, iluntzera arte edo goizaldera arte iraun dezake jai giroak, hor mugarik ez dugu jarriko. Jendearen giroaren edo parte hartzearen arabera izango da.
A.A.: Trikitia beti eskenatoki gainean edo kalejiran beti besteentzat jo ohi dugu. Plan hau guretzat da, trikitilariok bildu eta giro politaz, trikitiaz gozatzeko, tentsiorik edo urduritasunik gabe.
B.A.: Trikitiaren ezagutza mailak ez du garrantziarik. Profesional bat eta zaletu hasi berri bat, denok mahai inguruan bildu gaitezke. Helburua gozatzea da, mahai ingurura trikiti zale denak daude gonbidatuak.

Nongo jendea espero duzue?
B.A.: 
Trikitizalea den oro. Arrakastatsua izan daiteke 10 lagunekin eta ez arrakastasua 70 lagunekin. Kopurua gutxienekoa da. Bospasei lagun, antolatzen ari garenak behintzat bilduko garela ziur. Gehiago datozela? Primeran!

Bazkalaurretik plazan bilduko zarete kalejiran. Nola ikusten duzue trikitia plaza publikoan?
B.A.: 
Trikitiak hemendik kanpo protagonismo handiagoa duela ikusten da baina hemen errespetatua eta maitatua da baita.
A.A.: Edozein ospakizunetan denok dugu presente trikitia. Gure autoetan hortxe egoten da beti badaezpada.

Trikiti zaleentzako gonbita.
B.A.: 
Bazkari hau trikiti zaletuentzat da. Trikitizalea izanda eta gozatzeko gogoz dagoena ongi etorria izango da. Beste herrietan mugimendu hau bada. Trikitizale asko elkartzen dira, denak batera jotzen, polita izaten da. Gogotsu gaude. Ia zer moduz ateratzen den.
A.A.: Animatu!

Zaletasuna zaintzeko modu bat ere bada zuen ekimena?
B.A.: 
Gure atzetik datozenei zaletasuna transmititzeko ere. Trikiti zaletasuna bizirik dagoela ikusi eta jende gehiago ezagutzeko.
A.A.: Trikitia jotzen hasi berria bazara, talderik gabe egon edo kalejiretan asko ez bazara ateratzen, etxean jotzeko bakarrik izan beharrean bazkari honetan jo dezakezu. Motibagarriak dira halako ekimenak trikitia jotzen segitzeko. Elkartasun puntu hori bada hitzorduotan, elkar laguntzekoa.

Euskal Herriko 1 .Trikitixa Topaketa
Eguna: azaroak 16, larunbata.
Egitaraua:
13:00 Trikipoteoa Mikel Laboa plazatik abiatuta.
14:00 Bazkaria Andatzpe elkartean. 
Izen ematea: aurrez trikitixabazkaria@gmail.com helbidera idatzita, azaroaren 10a baino lehen. 16 urtetik gorakoentzat.
Prezioa: 25 euro.