Tximista batek Atxegaldeko teilatu bat jo du

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 16a, 11:08

Susto ederra atzo Atxegalden. Ariztitxo kaleko eraikin bateko teilatua jo zuen tximistak batek. Zorionez ez da kalte pertsonalik izan. Sustoaz gain kalte material arinak baino ez. 

Ekaitz galanta izan genuen ostiralean. Egunaren zati handi bat ilunpean igaro genuen, izan genuen ekaitz giroarekin. Bazterrak goitik behera zuritu zituen kazkabar zaparrada galantak bota zituen arratsaldean, trumoi eta uneren batean argindarra ere eten zuten tximistekin. Tximista batek baino gehiagok oso behean eta hurbil jo zuen, haien burrunba entzun besterik ez zen. 

Haietako batek, Atxegalden jo zuen bete-betean; Ariztitxo kaleko eraikinetako baten teilatuan. Zorionez ez zen kalte personalik izan, kalte material arinak baino ez. Teilatuko teilak kalera erori ziren. Bizilagunak udaltzainekin hartuemanetan jarri eta berehala bertaratu ziren udal iturriek aditzera eman dutenez. Larunbat goiz honetan oraindik hesitua zegoen etxe honen ataria eta teilatu izkinan nabari zen tximistak eragindako zuloa. 

Aipatu moduan sustoan baino ez da geratu kontua. Astelehenean atertzera joko du.

Negu giroko asteburua
Euritan joango zaigu asteburua. Larunbat honetan Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago eta ugariago. Egunaren lehen partean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor eta oso gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez".

Igandean, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago egunaren erdialdeko orduetan. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Azaroak 16, larunbata
"Gaur zaparradekin eta giro hotzarekin jarraituko dugu. Tenperatura maximoak 7-10 ºC artekoak izango dira eta itsasotik hodei trinkoak sartzen jarraituko dute, batzuetan era jarraituan. Hodeiek zaparradak utziko dizkigute eta ekaitzak jo dezake. Euri gehien kantauri isurialdean jasoko da, batez ere kostaldetik gertu; barnealderago, hortaz, prezipitazioa urriagoa izango da. Elur-kota 700 m-ra egongo da hasieran, baina igotzen joango da orduak igaro ahala. Barnealdeko hainbat zonaldetan izotza botako du, batez ere goizeko lehen orduetan".

Azaroak 17, igandea
"Igandean euri kontuekin jarraituko dugu. Goizaldean zerua lainotzen hasiko da eta euritara joko du ia denean. Prezipitazioa ugariagoa izango da ipar partean eta eguerdi inguruan. Mendebaldeko haizea ibiliko da, hego-mendebaldekoa goizaldean eta goizean goiz, eta arratsaldean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura 7-12 ºC artean geratuko da".

Azaroak 18, astelehena
"Astelehenean prezipitazioa gero eta urriagoa izango da. Tenperatura pixka bat igoko da baina oraindik ere giro hotza izango dugu. Zaparradak espero dira, ipar partean batez ere, baina atertzen joango da orduak igaro ahala, eta gauerako ez da euririk espero. Mendebal eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus