Txokoalden eta Santuenean gaur, 2020ko udal aurrekontuak aurkezteko bilerak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 19a, 07:39

2020ko udal aurrekontuak aurkezteko bira osatzen ari da udal gobernu taldea egunotan. Asteartean eta asteazkenean izango dira herritar eta eragileek ekarpenak egin ahal izango dituzten azken aurkezpen saio irekiak. 

Kaxkoan, Zubietan eta Kalezarren egin zituen udal gobernu taldeak lehen aurkezpen saio irekiak joan den astean. Txokoalden, Santuenean, Aginagan eta Munalurran izango dira astearte eta asteazken honetan, azaroaren 19an eta 20an hurrenez hurren.  

Urte berrirako aurrekontuen zirriborroa aurkeztearekin batera, herritarren iritzi nahiz proposamenak biltzeko baliatuko dute saioa. "Parte hartu eta egin zure ekarpena!", luzatu du gonbita udal gobernu taldeak.

Hilaren 28ko osoko bilkurara
Aurreko urteen ildotik, lehenbizi herritar nahiz eragileei aurkeztu eta haien guztien ekarpenez hornitu nahi ditu udal gobernu taldeak landuak dituen 2020ko aurrekontuak. Eragile nahiz herritarren ekarpen guztiok batuta, aldaketarik ez bada, hilaren 22an Ogasun Batzordeak diktaminatu, eta abenduan ez, aurten azaroaren 28an egokituko litzatekeen osoko bilkuran hasieraz onartzea bozkatuko du udalbatzak. Gero alegazioetarako 15 eguneko tartea zabalduko da, behin betiko onartu aurretik.

12,3 milioi euro 
Landu dituzten aurrekontuen arabera, Usurbilek 12,3 milioi euro izango ditu 2020ko egitasmo ezberdinak bideratu eta herri honek dituen erronkei heltzeko. Lau multzo handietan sailkatu ditu udal gobernu taldeak urte berrirako diru partidak: herri jasangarria (3,2 milioi euro),  ongizartea (2,1 milioi euro), herri nortasuna (1,9 milioi euro) eta udala herriaren zerbitzura (4,9 milioi euro). Aurrekontuotatik guztira, 1,7 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetara. 

2020ko UDAL AURREKONTUAK AURKEZTEKO BILERA SORTA
Azaroak 19, asteartea
19:00 Txokoaldeko aurkezpena Erroizpe elkartean.
19:00 Santueneko aurkezpena auzo elkartearen egoitzan.

Azaroak 20, asteazkena
19:00 Aginagako aurkezpena ludotekan.
19:00 Munalurrako aurkezpena Eguzki elkartean.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.