Herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana eguneratzeko inkestak telefonoz egunotan

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 18a, 12:15

2009ko Usurbilgo herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana eguneratzera doa Udala Siadecoren laguntzarekin. Herritarrak telefonoz inkestatu eta herriko sektoreko eragile guztiak banaka elkarrizketatuko dituzte egunotan. Herritarrei dagokienean, erosketa ohiturez galdetuko zaie. Diagnosia osatuko dute lehenik eta diagnosi horretan oinarrituta plana diseinatuko dute.

2009ko herri-merkataritza eta ostalaritza suspertzeko Usurbilgo planaren eguneraketa honen nondik norakoen berri eman dute egunotan Udalak eta planaren lanketaz arduratuko den Siadecok. Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak gogorarazten du sektoreak bizi duen egoera ezegonkorra eta ezegonkortasun horretan sakontzea ekarri dezakeela, hasi Irunetik eta Usurbilera aurreikusiak dauden 200.000 metro karratuko jarduera komertzialen proiektuak gauzatzen badira. Erosketa ohituretan izan diren aldaketak ere aipatu du, esaterako merkataritza elektronikoak hartu duen garrantzia.

Testuinguru zail honetan ezin garrantzizkoagotzat jotzen du Udalak, “gure merkataritza, kontsumo eta bizi ohiturak eta erro sakonak dituen gure herri izaera zaintzea. Beti diogu herri biziak nahi ditugula, eta horren bermea da herri merkataritza”.

Astelehenean Potxoenean egindako prentsaurrekoan, Siadecoko teknikari Juanjo Allur herritarrak galdera argi bat egiten zuen, herri hau erronka handi baten aurrean zela gogoraraztearekin batera. “Tokiko merkataritza eredu bideragarri bat garatzeko aukerarik bada? Garai berri hauetan, egungo erronkei erantzuteko prest al dago sektorea?”.

Galdera potolo hauei erantzuteko, sektorea biziberritzeko, garai berriotara egokitu eta behar berriei erantzuteko plan eguneraketa diagnosi batekin abiatuko dute. Sektorearen egoera ezagutu nahi da hartara eta azterlan horretan oinarrituta, helburuak, lan ildoak, eragile bakoitzaren ardurak, finantzaketa definituko dituen hurrengo bost urteotarako plana landuko du Siadecok, 2009an egin zuen moduan, Udalarentzat.

Merkataritza eredu propiorantz
Proiektuaren garrantzia nabarmentzen du alkateak, “testuinguru zail honetan, gure merkataritza eredu propioa sortzera goazelako, eskaintza berritu bat egitera, ez soilik egoerari eusteko, iraultzeko baizik”. Anbizio handiko tokiko merkataritza proiektu bat bideratzea du xede plan eguneraketak, hau gauzatzeko bide-orria edo estrategia marraztea. “Nola egingo dugu? Zer bide bilatu behar ditugu? Zeintzuk dira eskaini beharreko zerbitzu berriak? Bada denda berriak irekitzeko merkatu potentzialik Usurbilen? Zertan izan behar dugu ezberdinak eta hobeak?”.

Elkarlanean jorratu nahi dute bide hau Udalak eta Siadecok, herritarrekin eta sektoreko eragileekin, “herri mailako erronka garrantzitsu batez ari baikara”. Diagnosi fasearen baitan, herritarrei inkestak egingo zaizkie telefono bidez.  Dei hauetan parte hartzera deitzen zieten, “oso oinarri garrantzitsua” izango baita diagnosia osatu eta geroko plana garatzeko, alkatearen esanetan. “Herritarren inkestek emadako informazioaren arabera, agian zerbitzu berriak izan ditzakegu etorkizunean Usurbilen”. Udalaren aurreikuspenen arabera, diagnosiaren emaitzak urtarrilerako eta plangintza udaberrirako prest izango da.

Herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko planaren eguneraketa
Bi fase: 
diagnosia eta plangintza.

Diagnosia:

-Helburua: sektorearen egoera ezagutzea (indarguneak eguneratu, hobetu beharreko alderdiak identifikatu…).
-600 inkesta egingo zaizkie telefono bidez, ausaz hautatutako 16 urtetik gorako herritarrei. “Lagin adierazgarria, kopuru oso altua Usurbil bezalako herri baterako”, Siadecoren esanetan. Egingo zaizkien galderak: zer erosten den herriko dendetan eta zer kanpoan eta zergatik; herritarren ezaugarri soziodemografikoak bilduko dira (adina, familia kideen kopurua, erosketak nork egiten dituen…).
-Banakako elkarrizketak aurrez aurre sektoreko eragile guztiei, 100 bat ingururi: merkatari, ostalari eta zerbitzuetako eragileei. Sektorearen uneaz, azken urteotako bilakaeraz eta aurrera begirako aurreikuspenez galdetuko zaie; tartean, etorkizunean langilerian egon daitezkeen errelebo zailtasunei buruz.
-Bi parte hartze saio egingo dira herritarrekin, egungo egoera aztertzeko.
-Talde eztabaida sektoreko eragileekin.

Plangintza:
-Bi parte hartze saio herritarrekin.
-Talde eztabaida sektoreko eragileekin.