Musikarien eguna jaialdi bilakatuko du Zumartek ostegunean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 19a, 08:43
Zumartek iaz ospaturiko Musikalean ekimena.

Ostiraleko Santa Zezili Eguna musikariena izanik, Zumarten jai egingo dute hilaren 22an. Bezperarako kalejira eta kontzertua iragarri ditu.

Santa Zezili eguna ate joka dugu, egun seinalatua Zumarterentzat, musikarien eguna baita azaroaren 22a. Egutegian gorriz markatua du musika eskolak, web orri bidez gogorarazi duenez. "Azaroaren 22an, ostirala, jai eguna izango da musika eskolan eta ez da klaserik izango", ohartarazi dute.

Bezperarako, hilaren 21erako, ospakizun ekitaldiak iragarri ditu. Urtero bezala, Musikalean ekimenarekin bat egingo du Zumartek. Hitzordu honen bidez, Euskal Herriko musika eskolak kalera irteten dira, eta plazara ateratzen dute honenbestez, egunerokoan sortzen aritzen diren musika.

Usurbilen, Zumarteren eskutik, kalejira iragarri dute lehenik herrian barrena. "Ikasle, guraso eta herritar guztiak gonbidatuta zaudete!", adierazi dute musika eskolatik.  Ondoren, kontzertua izango da Sutegin.

MUSIKALEAN
Azaroak 21, osteguna
18:00
Kalejira udaletxe aurreko plazatik: trikitixa-pandero taldea, Musika Txokoko eta abesbatzako ikasleekin lagunduta eta Txaranga.
19:00 Sutegin: Musika Eskolako talde instrumentalak eta abesbatzak.
Sarrera: doan.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.