Usurbilgo Udalak, Beterri-Buruntza eskualdeak sustatutako Guztion Eskualdea programaren bidez, Kale Nagusiko 10. zenbakiko pasabidea eta Olanoenea plaza berritu ditu. Azken urteetan herrigunea eta tokiko merkataritza indartzeko egindako lanen jarraipena dira.
Harrizko espazio hotzari goxotasuna eman
Egurrezko altzariak jarri dituzte Olanoenean eta Potxoenea parean, harrizko espazio hotzari goxotasuna emateko.
Haurrentzako zein helduentzako mahaiak ipini dituzte, elkarrekin eseri, otorduak egin, mahai jokoetan aritu edo elkarrekin eserita zein etzanda egoteko. Azken batean, egonean egoteko leku atsegin eta erosoa izan dadin.
M-Etxea arkitektura kolektiboak eta Dunak taldeak burutu dute Olanoenea eta Potxoenea pareko interbentzioa.