Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Bizi dantza" ikuskizunerako sarrerak agortu zaizkigu

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 22a, 19:01

Akabo, ia 900 sarrera genituen salgai eta agortu berri zaizkigu! Abenduaren 1ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Oiardo Kiroldegiko "Bizi dantza" ikuskizun berrirako txartel guztiak saldu ditugu. 

Arrakasta itzela izan du deialdiak. Guztira ia 900 sarrera saldu ditugu NOAUA! K.E.-ren egoitzan, Bordatxo tabernan, Lizardi liburu dendan nahiz Internet bidez. Ikuskizunerako 9 egun falta direnean agortu zaizkigu Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Bizi dantza" emanaldirako txartelak. Abenduaren 1ean 11:30etan izango da emanaldia Kiroldegian.

NOAUA! K.E.-ren eta Euskaraldiko taldearen eskutik antolatu da saioa. Hemen aurrerapentxo bat. “Lurra sortu zen unetik bertatik, jirabiraka dantzari hasi zen bere buruaren eta eguzkiaren inguruan. Animaliak ere sortu ziren unetik bertatik, dantzari dabiltza lurraren inguruan. Geu ere hitzaren jabe izan aurretik dantzatzen gara, zaldiak, izurdeak eta tximeletak bezala. Pozak eta tristurak azaltzeko dantzatzen gara. Barruak agintzen digunean dantzatzen gara. Gure kultura ospatu eta errituak berritzeko. Garen hori mugimenduan jartzeko. Zangoak luzatuz, gerria mugituz, hegoak astinduz eta ur azpian ere dantzatzen gara gu. Zatoz gurekin dantzara, atera zure barruko animalia plazara!“.

Zentsuratu dieten Iruñeko emanalditik gure artera
"Egunotan zuen babesa eta elkartasuna adierazi diguzuen guztioi eskerrik asko zuen kariñoagatik, guk ere maite zaituztegu! Zaila da baina... ez gaindiezina! Zentsura putzura! Gora Euskal Irria! Gora koloreak! Musu besarkadak den-denoi. LASTER ARTE!", mezu honekin eskertu nahi izan dute Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek azken egunotan jasotako maitasun eta elkartasun guztia.

Jakingo duzuenez, hilaren 28an Iruñeko Baluarten emanaldia antolatua zuten, baina Nafarroako hiriburuko Udalak saioa zentsuratu die, bertan behera utzi diete aipatu hitzordua. Sare sozialen bidez zabaldu eta albiste honi atxikia duzuen bideoan hirukoteak galdetzen zuenez, "ezingo dugu Iruñeako familia eta haurrekin elkartu eta haiekin jolastu, dantzatu eta irri egin?".  Argi zioten, "hori boikota da!". 

Baina ez dute etsi. "Arazoa handia da baina ez gaindiezina, zentsura putzura!", diote. Haurrak Iruñeko alkate Enrique Mayari opari bat egitera, marrazki koloretsuak helaraztera animatu dituzte. Mayaren alderdiak ez da taldearen aurka egin duen lehen aldia. Egoera honen aurreran pailazoek iragarri dutenez, "Iruñean izango gara aurten, udalarekin edo udala gabe, baina haurrei esker". 

Orbeldi Dantza Taldekoekin
Eta Iruñetik bueltan Usurbila datoz Pirritx, Porrotx eta Marimotots! NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik abenduaren 1ean, 11:30etan Oiardo Kiroldegira. Iruñean bezala, "Bizi dantza" ikuskizun berria plazaratzera. Euskal Herrian barrena egiten ari diren biran zehar, tokian tokiko dantza taldeak gonbidatzen ari dira oholtza gainera. Orbeldi Dantza Taldeko kideek parte hartuko dute Usurbilgo saioan! 

Euskararen Egunaren bueltan
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren bueltan antolatu dute ikuskizuna NOAUA! K.E.-k eta Euskaraldiko taldeak. Hitzordu gehiago ere izango dira azaroaren 29tik hilaren 3ra: ikuskizunak, bizipenak partekatzeko hitzordua, antzezlana, kantu saioak...

"BIZI DANTZA" IKUSKIZUN BERRIA
Eguna: abenduak 1, igandea.
Ordua: 11:30.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Sarrerak: AGORTUAK!
Informazio gehiago: katxiporreta.eus
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Euskaraldiko taldea.