Xua Gurasoekin Etxera

Xua gurasoekin etxeratzeko martxak Usurbil eta Orio lotu ditu

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 23a, 14:51

Eskuz esku ibili duten ixa handi batek lotu ditu larunbat goiz honetan Usurbil eta Orio; Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak antolaturiko martxak hain zuzen. Xuaren guraso Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak sorleku eta bizileku dituzten aipatu bi herriek Valentziako Picassenten espetxeratua duten familiaren etxeratzea exijitu dute.

Euria gogotik bota eta haizeak gogor jo badu ere, ez du zapuztu Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak larunbat honetarako deitua zuen martxa. 9:30ak pasatxoan abiatu da belaunaldi ezberdinetako herritar talde bat Bordatxo paretik mendi alderantz, Oriora joateko.

Bi orduko zeharkaldia eginda heldu dira, herritar gehiago, tartean, Xuaren amona Mari Karmen Anza harrera egiteko prest zituzten A8 autopistaren Orioko ordainleku ondora. Denek ixa handidun pegatinak soinean zituztela. Hortxe hartu du Anzak, jada aske behar zuten bere senideen etxeratzearen alde eta bereiziak ez izateko lanean diharduen Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena irudikatzen duen ixa handia; gaurkoan lekuko bilakatua.

Anzak eraman du aipatu ixa formako lekukoa usurbildarrekin batera. Oriora gerturatu ahala, lehenago gertatu moduan, bidelagun berriak batu zaizkie martxara; etxekoak, gaurkoan euskal presoen sakabanaketaren aurkako Dispertsioff ekimena ospatzen ari diren oriotarrak. Autopista azpiko zubian lekukoa eskuz aldatu eta txarangaren erritmo alaiekin barneratu dira, Xuaren aita Patxi Urangaren sorterrian. 

Giro euritsu eta haizetsua tarteko, ikastola atarian egitekoak ziren ekitaldia frontoira lekuz aldatu dute; pilotalekuan, hamaiketako gozoa dastatu dute, herri ekimeneko materiala saltzen aritu dira, magia saioa antolatu diete txikienei eta mural bat ere margotzen aritu dira. 

Bereizi ez eta etxeratuak izateko
Gaurko martxak, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak segitzen duten Xua, eta bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga etxeratzea eskatu du. Eta hirurak ez bereiztea; Olatzek eta Patxik espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte eta jada kalean behar zuten arren, espetxean dituzte oraindik. Haien alaba Xuak 3 urte beteko ditu urtarrilaren 19an eta aldaketarik ez bada, gurasoengandik bereiziko dute. Halakorik gerta ez dadin, eta Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzea galdegiteko haien lagun eta Usurbil, Orio nahiz Zarauzko herritarrek abiaturiko Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak antolatu du gaurko hitzordua.