Xua Gurasoekin Etxera

Atxikimenduak metatzen doa, mobilizazio eta ekimen berrien atarian den Xua Gurasoekin Etxera bilgunea

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 23a, 14:36

Ixa handi baten formadun lekukoa eskutan, Usurbil Oriorekin lotu duen martxa ospatu da goizean. Gugandik 600 kilometrora diren Xua eta bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak bereizi ez eta hiruren etxeratzea eskatu dute. Atxikimenduak metatzen doa, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena. Hitzordu berriak ditu begi bistan.

Ekainean jendaurrean aurkeztu zutenetik, etenik gabe lanean da Xua bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga etxera ekartzeko, Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek osaturiko herri bilgunea. Dakizuenez, abesti bat sortu eta plazaratu zuten uda amaieran. Manifestu bat ere bai; eta atxikimenduak biltzeari ekin zioten. Atxikimendu horietara batu ziren urria amaieran, Usurbilgo eta Orioko udaleko udalbatzak. Mozio bana onartu zuten aho batez. Eta erakunde ezberdinekin egingo duten bilera erronda ere abiatu dute.

Manifestuak 1.600 atxikimendu
Xuarekin bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren etxeratzea eskatzeko manifestua kaleratua du aipatu herri ekimenak. Larunbat honetarako (azaroak 23) jada 1.598 atxikimendu bilduak zituzten. Zuen sinadura esteka honetan eman dezakezue: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera 

Mozioak Usurbilgo eta Orioko Udaletan
"Dagokien autoritateei eskatzea behar dituzten neurriak har ditzatela, legedia kontuan hartuz ahal bezainbeste bermatzeko adin txikikoa eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna; familiaren batasuna eurek sustraituta dauden ingurune sozialean lagunduz eta adin txikikoaren interes gorena babestuz", zioen Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenaren mozioa onartu zuen aho batez Usurbilgo Udaleko udalbatzak urriaren 31n. Oriokoak ere gauza bera egin zuen.

Arartekotik Batzar Nagusietara
Herritar, eragile eta erakundeen babesa jasotzen ari da Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena. Orioko eta Usurbilgo udalbatzena, eta azken egunotan baita Arartekoarena. Herriaren defendatzaile lanak egiten dituen Arartekoarekin bildu ziren ostegunean aipatu herri bilguneko ordezkariak, tartean, Xuaren amona Mari Karmen Anza. Herri ekimenak bere dinamika aurkeztu zion Arartekoari. "Arartekoak arreta handiz entzun ditu azalpenak eta, horrelako aferetan berezko eskuduntzarik ez izan arren, bere esku dagoen guztia egingo duela agindu die. Gizatasunagatik eta umearen hobebeharra lehenetsita, erabakiak hartzea dagozkien erakunde eta instituzioetara zuzentzeko prestutasuna agertu du".

Arartekora soilik ez, erakunde gehiagotara jotzeko asmotan dira; bai Gipuzkoako Batzar Nagusietara, baita Gasteizko Legebiltzarrera ere. 

Mobilizazioak
Eta orain arte bezala, hilero azken ostiraletan 20:00etan Mikel Laboa plazan mobilizatzen segiko dute, Xua gurasoekin etxera ekarri arte. Mobilizazio bereziak ere izango dira hurrengo asteotan. 

Material salmenta
Herri ekimena irudikatzen duen ixa handia soinean jantzita eramateko gonbita ere luzatua du ekainean jendaurrean aurkeztu zenetik, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak. Kamisetak edota ixa handidun pegatinak saltzeko nahiz manifestua sinatzeko postua jarri dute hilabeteotan eta hurrengo asteotan ere gauza bera egingo dute.

Informazio gehiago:
Twitter: https://twitter.com/EtxeraXua
Facebook: https://www.facebook.com/xuagurasoekinetxera/
Instagram: https://www.instagram.com/xuaetxera/?hl=es