Gipuzkoako Kirolgalarako herriko kirolarien alde bozkatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 25a, 10:12

Nahia Zudaire Borrezo Zubietako igerilaria, Maria Fernanda Carazas Huyanca judoka eta Esther Arrojeria kide duen Bera Bera nesken eskubaloi taldea, Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduaren 4rako antolatu duen Kirolgalan sarituak izateko hautagaien artean daude. Haien alde bozka emateko azken eguna duzue gaur (azaroak 25).

Gipuzkoako kirolariek eta lurralde honetako arloko pertsonek kirolarien alde etenik gabe eginiko lana sarituko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamenduak abenduaren 4an 19:00etan Donostiako Tabakaleran antolatu duen Kirolgala ekitaldian. 

Hitzordu honetan hain zuzen, bi sari banatuko dituzte; Kirol Merezimenduaren saria eta Gipuzkoarren Kirola Herritarren Saria. Kirol merezimendukoari dagokionean, "gehien nabarmendu den pertsona sarituko da. Epaimahai tekniko batek erabakiko du zein kirolariri edo kirol talderi eman Gipuzkoa Kirolak Saria".

Herritarrek emango dute bigarren saria. Horretarako, Aldunditik proposatu duten kirolari edota kirol taldeen zerrendako hautagaien alde bozkatu ahalko duzue datorren astelehenera arte, azaroaren 25 era arte, esteka honetan klikatuta: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kirolak/gipuzkoa-kirolak-saria-2019#athletes



Hautagaien artean herritarrak ditugu! Batetik, Nahia Zudaire Borrezo zubietarra. Igeriketa egokituan aritua, Foru Aldundiko atariak nabarmentzen duenez, "S8, SB7 eta SM8 bezala sailkatuta dago. Orain arte Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak lehiatu ditu, eta profesional mailan lehen pausoak ematen hasi da".


Bera Bera nesken eskubaloi jokalariek ere jaso dezakete herritarren saria; tartean, Esther Arrojeria kalezartarrak. Gogoan izan, iazko denboraldira arte Esther Berasategi herritarra ere lehiakide izan zuela taldeak. Biek ala biek eman zieten hasiera joandako Usurbilgo jaiei.


Judoan, Usurbilgo klubean gaztea izanagatik sari mordoa irabazitako jokalaria dugu; Maria Fernanda Carazas Huayanca. Gipuzkoako Foru Aldundiko web orrialdeak ondoko sari zerrenda irabazi duela gogorarazten digu: 
-Espainiako Senior Txapelketako brontzezko domina.
-Espainiako Junior Txapelketako urrezko domina.
-Junior mailako Espainiako Kopako urrezko domina, Valentzia.
-Espainiako Junior mailako Espainiako Kopako urrezko domina, Extremadura.
-Espainiako Ranking Nazionaleko lehen sailkatua.

KIROLGALAKO SARI BANAKETARAKO HERRIKO HAUTAGAIAK
Igeriketa egokitua: Nahia Zudaire Borrezo. 
Eskubaloia: Bera Bera nesken taldea.
Judoa: Maria Fernanda Carazas Huyanca.

Hautagaien zerrenda osoa hemen: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kirolak/gipuzkoa-kirolak-saria-2019