Larriki gaixo dauden presoen etxeratzea eskatu du Sarek

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 24a, 13:40

Buruntzaldean iragarria zuen ekimen astea borobiltzeko larriki gaixo dauden 21 euskal presoen errealitate latza plazaratu du Sarek Erle Egun honetan. Eskualdean herriz herri ibili den anbulantzia Mikel Laboa plazara heldu da eguerdian.

Larriki gaixo dauden 21 euskal presoen eskubideen eta haien etxeratzearen aldeko ekimen astea egin da Buruntzaldean. Hernanin eta Lasarten egunotan egon eta sentsibilizazio kanpaina irudikatu duen anbulantzia Mikel Laboa plazara heldu da Erle Egun honetan. Usurbilgo Sare taldeko kideak, errealitate gordin honen berri ematen duten eskuorriak banatzen aritu zaizkie azoka gozora hurbildu direnei. Honela dio:

SAREREN ADIERAZPENA
Larriki gaixo dauden presoak etxera!
Egun 21 dira larriki gaixo diren euskal presoak. Preso hauek pairatzen duten gaitzari ezohikoa den espetxe politika baten baitan egin behar diote aurre, espetxeak berak osasunaren zaintzari dagokionean sortzen dituen zailtasunei, bestelako batzuk gehituz. Tartean, gaixotasunaren jarraipena egiteko konfiantzazko medikurik ez izatea edota, lege arruntak jasotzen duen moduan, gaixotasunaren larritasunaren aurrean, etxean artatua izateko eskubidea ukatua izatea.

-Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politika: isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze-politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute, ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen ditu.

-Gaixo diren presoen kasuan gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.

-Espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak: espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak (masifikatuak, birus eta izurriteen zabalpenerako aproposak, zikinkeria pilatzen den gunea), medikuen jarrerak eta baliabide faltak, osasunean eragin negatiboa izaten dute.

-Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere.

-Ezin dugu segurtasun politiken aitzakia pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik onartu. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.

-Salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean larriki gaixo diren presoak heriotzara kondenatuak izaten ari dira.

Horren erakusle da, orain artean preso hauen etxeratzea soilik gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta sendaezina denean gauzatu izana. Horregatik, dei egiten dizuegu salbuespenezko espetxe-politika honekin amaitzeko aldarriarekin bat egitera; espetxea ere gure gizartearen zati izanik, guztion ardura baita larriki gaixo diren presoek bizi duten muturreko egoera aldatzea.

Sare