#A25 Xingola more erraldoia eraiki dute Oriarteko ikasleek, ekimen astea dute institutuan

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 25a, 11:15

Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Egun honetan, Oriarte Usurbil eta Lasarteko Institutuko ikasleen asanbladak xingola more erraldoi bat eraiki du. Ekimen gehiago iragarri dituzte egunotarako. 

Ernai gazte mugimenduak zabaldutako ondoko irudian ikus daitekeen moduan, xingola more erraldoi bat eraiki du ikasleen asanbladak, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egun honetan. Ez da Institutuan bertan iragarri duten ekimen bakarra honakoa. Ikasgeletan hainbat material landuko dituztela iragarri dute. "Aipatutako aldarrikapena egin ez ezik, beste hainbat jarduera egingo dira: Genero indarkeriaren piramidea aztertu, jarrera matxistak salatu, autodefensa feminista tailerra etab.", iragarri du Oriartek.

Horrekin batera, hitzaldi bat ere antolatu dute asteazkenerako (azaroak 27). 18:00etan hasita Landaberriko musika gelan, "Feminismoa: izena eta izana" saioa Alboan Gobernuz Kanpoko erakundeko hezkuntza teknikari Amaia Alberdirekin, "eskola eta familiak feminismoaren bitartez gerturatzeko asmoz", Oriartetik nabarmendu dutenez.

Informazio gehiago: oriarte.hezkuntza.net