#A25 Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Egunean "zuen biolentziari guk autodefentsa feminista"

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 25a, 17:46

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, Kafe Tertuliak antolatutako mahai-inguruan dozenaka emakumek hartu dute parte. 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Mikel Laboa plazan emakumeek jasaten dituzten edonolako indarkeriak gaitzesteko.

Mahai inguran, autodefentsa gaitzat hartuta, autodefentsa zer den, zertarako balio duen, nola landu eta tresna horretaz nola baliatu hausnartu dute Dema Plazara hurbildutakoek. Gazte, heldu zein adinekoak bildu dira esperientziak partekatu eta elkar elikatzeko asmoz. Dinamika ugari jarri dituzte mahai gainean, gai landu eta emakume bakoitzak partekatu beharrekoa modu eroso batean elkarbanatzeko. "Zuen biolentziari guk autodefentsa feminista" lelopean landu dute gaia, eta gogoan hartu beharrekoa: eguneroko borrokan lortzen dira aldaketak.