#A25 Usurbilgo plaza, indarkeria matxistaren aurkakoa gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 25a, 20:02

"Zuen biolentziari guk autodefentsa feminista!" aldarripean, Kafe Tertulia feminista taldeko kideek deituta Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguneko elkarretaratzean bildu dira herritarrak iluntzean Mikel Laboa plazan.  

Adin, klase, arraza eta kultur talde guztietako emakumeak zapaltzen dituen haien aurkako indarkeria "gizartearen gaitz bat da, eta haren jatorria gizonezkoen eta emakumezkoen artean islatzen den desberdintasun eta botere harremanetan dago", Usurbilgo Kafe Tertulia feministako kideek iluntzean Mikel Laboa plazan deitu duten elkarretaratzean salatu dutenez. 

Sistema heteropatriarkal kapitalistak eragiten duen zapalkuntza ororekin sentitzen duten inpotentzia eta desadostasuna plazaratu nahi izan dute, Emakumearen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egun honetako mobilizazioan. Babes osoa adierazi diete "indarkeria matxistaren bat jasan duten emakume* guztiei".

Mikro matxismoei erantzun beharra
"Zuen biolentziari guk autodefentsa feminista" aldarriaren bueltan batu dira Kafe Tertulia feminista taldeko kideak, baita hainbat herritar ere. Indarkeria matxistaren piramidea marraztu dute, "gizarte heteropatriarkalak maiz biolentzia honen zati bat ezkutatzen saiatzen dela" erakusteko. "Azalekoak diren hilketei eta sexu erasoei aurre egiteko oinarritik hasi behar da, izozmendiko oinarritik". Horregatik ezinbestekotzat jotzen dute egunerokoan pairatu behar izaten dituzten mikro matxismoei erantzun eta konpontzea.

Zapalkuntzen aurrean gogorarazi dutenez "Usurbilgo neska* gazteok, erantzuna emango dugu: zuen biolentziaren aurrean autodefentsa feminista!". 

Mobilizazioa Kafe Tertulian bideratzen ari diren ahalduntze eta saretze lana plazaratzeko ere baliatu dute. Neska* gazte oro gonbidatu dute tertulian parte hartzera, "guztion artean indarrak batzeko". 

KAFE TERTULIAKO KIDEEN ADIERAZPENA

Gaur, azaroak 25, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Usurbilgo neska* gazteok gizarteari transmititu nahi diogu zer inpotentzia sentitzen dugun eta zein desados gauden sistema heteropatriarkal kapitalistak eragiten duen zapalkuntza ororekin.

Emakumeenganako* indarkeria gizartearen gaitz bat da, eta haren jatorria gizonezkoen eta emakumezkoen artean islatzen den desberdintasun eta botere harremanetan dago. Gainera, adin, klase, arraza eta kultur talde guztietako emakumeak* zapaltzen gaitu.

Hementxe marrazten ari diren izozmendiaren irudia erabiltzen da maiz indarkeria matxista irudikatzeko. Honen bitartez adierazten da gizarte heteropatriarkalak maiz biolentzia honen zati bat ezkutatzen saiatzen dela: izotz zati txiki bat baino ez dago agerian, baina ur azpian ezkutuan den egiturak sostengatzen du ur gainean dagoena. Izozmendiez duten ikuspegi antzekoa dute erakunde publiko gehienek emakumeen* kontrako indarkeriaz. Jende gehienek azaleratzen diren tratu txar bortitzenak, hilketak eta sexu erasoak soilik ikusten eta gaitzesten dituzte. Ez dituzte kontuan hartzen oinarrian dauden egiturazko bortxa kasuak eta horiek ere oso gogoan eduki behar ditugu. Azalekoak diren hilketei eta sexu erasoei aurre egiteko oinarritik hasi behar da, izozmendiko oinarritik. Beraz, nahitaezkoa zaigu egunero jasaten ditugun mikro matxismo horiei erantzuna eta konponbidea ematea.

Hortaz gain, azpimarratu beharra dago, EAEn emakumeen aurkako indarkeriak oraindik ere biktima asko eragiten dituela urtean. 2018an, indarkeria hori jasan zituzten 4.244 emakume erregistratu ziren urtebeteko epean: gehienek bikotekide edo bikotekide ohien erasoa jasan zuten; beste batzuek familiako beste gizon batena, eta %7,7 familiaren eremutik kanpoko sexu indarkeriaren biktima izan ziren.

Zapalkuntza honen aurrean guk, Usurbilgo neska* gazteok, erantzuna emango dugu: zuen biolentziaren aurrean autodefentsa feminista!

Azkenik aipatu, Kafe Tertulian, Usurbilgo neska* gazteon talde feministan, lanketa bat ematen ari garela gure ahalduntzea eta saretzea bultzatzeko. Gainera, zapalkuntzei aurre egiteko tresnak mahai gainean jarri nahi ditugu eta prest gaude edozein erasoren aurrean erantzun bat emateko. Hemendik, babes osoa adierazi nahi diegu indarkeria matxistaren bat jasan duten emakume* guztiei. Amaitzeko neska* gazte oro gonbidatu nahi dugu Kafe Tertuliara, ateak neska orori irekitzen baitizkiogu guztion artean indarrak batzeko.