Lan, pentsio eta bizi duinen aldeko greba orokorra, urtarrilaren 30ean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 26a, 14:09
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biltzen dituen eragileek gaur egin duten agerraldia. Irudia: LAB.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biltzen dituen eragileek lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko greba orokorrerako deia egin zuten 2020ko urtarrileko bigarren hamabostaldirako, urrian egin zuten agerraldi bidez. Eguna zehaztu dute gaur; urtarrilaren 30ean izango da. "Batasuna gure indarra da, eta mobilizazioa eta borroka gure helburuak lortzeko berme bakarrak", adierazi dute agerraldi bidez.

Lan, pentsio eta bizi duinen aldeko greba orokorra deitu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bilduak dauden sindikatuek, eremu ezberdinetako eragile gehiagorekin batera urtarrilaren 30erako. Duela hilabete iragarri zuten grebari data finkatu diote gaur egin duten bileran. 

Urtarrilaren 30eko greba orokorraren aurretik, abenduan lan, pentsio eta bizi duinen aldeko mobilizazioak izango dira. Ostegun honetan bertan (azaroak 28) LAB sindikatuak Euskal Herriko pentsiodunak bilduko ditu 10:00etan Usurbilgo Sutegin.

Hemen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak argitara eman duen agiria:

EUSKAL HERRIKO ESKUBIDE SOZIALEN KARTAREN OHARRA
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bilera batera deitu ditu mobilizazioetan jauzi kualitatibo bat emateko egindako planteamendu osoari atxikimendua erakutsi dioten erakundeak. Bilera honetan, data jarri zaio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuek, ikasle, gazte eta ekologia mugimenduek eta bazterketa sozialaren aurkako kolektiboek deitutako mobilizazio eta Greba Orokorrari, eta mugimendu feministaren atxikimendua duena, azaroaren 1 eta 3 bitartean Durangon egindako topaketa feministetan babesa eman ostean.

Gaur egindako bileran, berretsi dugu aberastasunaren bidezko banaketa, pentsioen sistema publikoaren defentsa eta eskubide sozialen aitortza ez dela promesekin lortuko; ekintzak beharrezkoak dira pentsioen, eskubide sozialen eta soldaten bitartez bizi baldintza duinak bermatzea nahi badugu.

Horregatik, Madrilgo gobernuari, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei eta patronalari pentsioek eta soldatek galdutako erosmen ahalmena berehalakoan berreskura dadin exijitzen diegu, baita eskatu ere hauen birbalorizazio automatikoa, bizitzaren kostuaren igoera kontutan hartuta, gutxienez; 2010 eta 2012ko lan erreformak bertan behera uzteko exijitzen dugu (prekarietatea handitu eta negoziazio kolektiborako eskubidea erasotu duten neurrian), baita 2011 eta 2013 pentsioen erreformetako neurri murritzaileen ezabatzea ere; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko lanbidearteko gutxieneko soldata (SMI) exijitzen ditugu; genero arrakalarekin bukatzeko exijitzen dugu soldata eta pentsioei dagokienez; aurre jubilazioa eskatzen dugu, zigortu gabe, 40 urte kotizatuta izan eta gero; gizarte eta osasun zerbitzu publiko, unibertsalak eta doakoak oinarri dituen zerbitzu sare bat eskatzen dugu; eta exijitzen dugu Bermatutako Errentaren eta Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren kopurua SMI-aren %100ekoa izatea, baita araudi espezifiko bat eskatu ere 1.080 euroko gutxieneko soldata osagarritzeko.

Hau guztia lortzeko, urtarrilaren 30ean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleak beteko ditugu, mobilizazio orokorrean parte hartzen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek ofizialki deitutako Greba Orokorra babesten, CNT sindikatuarekin, ikasle (Ikasle Abertzaleak, Ikasleen Sindikatua, Ikasle Ekintza) eta gazte mugimenduekin (Eragin, Ernai) batera.

Mobilizazio eta Greba Orokor egun horretan ere izango gara Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, mugimendu feminista eta Harro, Etxeko Langileen Elkartea, PAH Bizkaia- Kaleratzerik ez, Argitan eta bazterketa sozialaren kontra eta eskubide sozialen aldeko Berri Otxoak plataforma gisako mugimendu sozialak, besteak beste. Atxikimendu bilketa oraindik indarrean dagoen honetan, dagoeneko batu dira merkataritza eta ostalaritza elkarteak, auzo elkarteak eta era guztietako kolektiboak, tokian toki lan egingo dutenak deialdia arrakastaz gauza dadin.

Gaur, modu bateratuan erakutsi nahi dugu gure konpromisoa mobilizazioak eta Greba Orokorra ardatz izango dituen jardunaldiarekiko; urtarrilaren 30ean egingo dena.

Batasuna gure indarra da, eta mobilizazioa eta borroka gure helburuak lortzeko berme bakarrak.


Irudia: LAB sindikatua.