Udal zerbitzuetan eta gaurtik tabernetan ere utzi ditzakezue Euskaraldiko bizipen eta desioak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 28a, 09:45

Euskararen Eguneko ekitaldien artean euskaltzaleen sarea osatuko da larunbatean (azaroak 30) frontoian herritarren ekarpenekin. Horretarako, aurreko asteko NOAUA! bidez jaso zenituzten txarteletan, zuen Euskaraldiko iazko bizipen eta etorkizuneko desioak idatzi eta udal zerbitzu zein tabernetan utzi ditzakezue larunbat goizera arte. 


Iragan asteko NOAUA! bidez jasotako txarteletan Euskaraldiko iazko bizipenak eta etorkizunerako desioak idazteko aukera duzue. Hainbat guneetan jarriak dauden txapeletan utzi ditzakezue, edota Euskararen Eguneko ekitaldien baitan, azaroaren 30ean plazan jarriko den euskaltzaleen sarean zintzilikatu ahalko dituzue.

Iragana eta etorkizuna lotuko ditu. Iazko Euskaraldiaren eta berrikuntzekin datorren 2020ko edizioaren arteko zubi-lana egiten lagunduko digu, ekimena sustatzen ari den herritar taldeak azaroaren 30erako proposatu digun ariketak. Batetik, iaz milatik gora Ahobizi eta Belarriprest-ek 11 egunez euskaraz bizitzeko hartutako konpromisoaz oroitzera animatzen gaituzte. Bizipenak berritzera, Euskaraldia gutako bakoitzarentzat zer izan zen aitortzera. Eta hausnarketa horretatik abiatuta, erronka berriak marraztera gonbidatzen gaituzte; urtebete barru gure bizitzetara itzuliko den 2020ko Euskaraldian geure buruari jarri nahi diogun helburu edo desio hori adieraztera.

Iazko bizipenak eta etorkizunera begirako desioak iragan asteko NOAUA! bidez jaso zenituzten eskuorrietan idatzi eta azaroaren 30ean plazan zintzilikatzeko aukera izango duzue. Idatziokin euskaltzaleon sarea osatu nahi da. Euskaraldiko bizipen eta desioak kaleratu eta partekatzeko plaza izango dugu Usurbilgoa larunbatean.

“Usurbildarrek daukate” emanaldia
Azaroaren 30ean, eguerditik hasi eta Usurbilgo artisten taldeak iluntzeko 19:30etan Askatasuna plazan eskainiko duen “Usurbildarrek daukate” emanaldira arte egin ahalko dira ekarpenak plazan egongo den sare horretan. Aldaketarik ez bada, emanaldi horretan zehar desio eta bizipenotako batzuei ahotsa jarriko diete. Antzerkia, dantza, kantua, poesia… uztartuko ditu Usurbilgo sortzaileek usurbildarrentzat prestaturiko emanaldiak. Gazte Eguna ospatuko da larunbat horretan, emanaldi hau bere egitarauan txertatu da Aztarrika gazte asanbladak.

Kantu-jira, kutxen bila
Gainera ez ahaztu larunbat hori, azaroko azkena dela, kantu zaletuena. 12:30etan Mikel Laboa plazatik abiatuta, euskal abestiez girotuko du Kantu Taldeak herri erdigunea. Kantuan, “euskaltzaleon bizipen eta desioen kutxen bila” abiatuko dira.

Euskaraldiko bizipen eta desioak plazaratzea, urratsez urrats
1-Iragan asteko aldizkariarekin Euskaraldiaren eskuorri batean bi txartel jaso zenituzten. Txartel bakoitzak galdera bana dakar:
-Zer izan da Euskaraldia zuretzat?
-Zer lortu nahi duzu datorren edizioan?

2-Galderak txartel hauetan idatziz erantzun.

3-Txartelok herriko hainbat udal zerbitzuetan (udaletxean, Potxoenean, liburutegian, Kiroldegian…) eta tabernetan (Aitzagan, Txirristran, Bordatxon, Artzabalen, Gurian, Txiribogan eta Santueneko Gure Elkartea Zaharren Egoitzan) biltzeko kutxak jarri dira. Bertan utzi ditzakezue. Ez da baztertzen, tabernetan ere jartzea.

4- Azaroaren 30ean (larunbata):
12:30 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik, “euskaltzaleon bizipenen eta desioen kutxen bila”.
Ondoren, euskaltzaleon sarea osatuko dugu frontoi inguruan. Herritarren bizipen eta desioak zintzilikatuko ditugu sarean. Zatoz zurea eskegitzera!
19:30 “Usurbildarrak daukate”, herriko artixten emanaldia. Euskararen Egunaren harira, pertsona erreferentzial batek idatzitako mezua irakurriko da.