Euskararen Eguna

Lehendik duen euskararekiko konpromisoa indartzera doa Usurbilgo Udala

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 3a, 09:18

Euskarari lotutako lehengo konpromisoei eutsi eta berriei heltzen dien erakunde adierazpena onartu zuen udalbatzak abenduaren 3ko Euskararen Egun honi begira aho batez, azaroaren 28ko osoko ohiko bilkuran. 

Iragan asteko osoko bilkuran aho batez onarturiko erakunde adierazpenarekin, euskararekiko 8 konpromisook hartuko dituela iragartzen du Usurbilgo Udalak:
1-Administrazio publikoen kontratazioetan ziurtagiriak -Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste- bateratu eta indartzeko neurriak hartzea.
2-Kirol arloa euskalduntzeko bidean lan egitea, federazioekin eta tokiko klubekin elkarlanean.
3-Familia eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.
4-Migratzaileentzako laguntza ildoak aktibatzea, euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten.
5-Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.
6-Jarduera hau emaileak garatzea, enpresetan euskara erabiltzeko planak indarrean jartzeko.
7-Eremu guztietako eragileekin- hau da, enpresa elkarteekin, sindikatuekin, gremioekin, merkataritza ganberekin eta beste hainbat erakunderekin-akordioak lortzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko lana har dezaten.
8-Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea.

Urrats berriak, lurgune euskaldunak sendotzeko
Bistan denez, konpromiso zerrenda honek administrazio publikoen kontratazioetan, kirol arloan, familia barruko hizkuntz erabilera eta transmisioan, jatorri ezberdinetako herritarren artean, lan munduan edota herrigintzan eragin nahi du.

“Egia da euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez direla alferrikakoak izan, eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dagoela, askoz hobeto, baina ez aski”, dio Usurbilgo Udalak aurreko astean aho batez onarturiko erakunde adierazpenak. "Urrats berriak egin behar dira, lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuz", gaineratzen du, "izan ere, eremu horiek sendotzean eta zabaltzean datza normalizazio prozesu orokorraren arrakasta, hein handi batean".