Zubietako erraustegia

Erraustegiaren aurkako manifestazioa abenduaren 13an Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 4a, 12:17

Gaurko Donostiako epaitegi atariko mobilizazioaren ostean, erraustegiaren aurkako hurrengo hitzordua abenduaren 13an izango dugu. Usurbilgo Udalak deituako manifestazioa arratsaldeko 19:00etan udaletxe aurreko plazatik. Xingola beltz bat ere jartzekoa da Udala. Herritarrei gauza bera egitera animatzen diete.

Deialdiok, duela astebete, azaroaren 28an egin zuten udalbatzaren osoko bilkuran onartu zuten mozioan iragarri zituzten. EHBilduk soilik babestu eta EAJ zein PSE aurka agertu ziren mozioak gainera bi eskaera ere biltzen ditu; batetik, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori biltzea eskatzen zaio, "erraustegiak usurbildarroi eragin digun kezkaz eta erraustegiak herritarren osasunean eragin dezakeenaz hitz egiteko". Bestetik, Usurbilgo alkateari, gainerako Gipuzkoako udalerrietako alkateei gutun bana helaraztea ere eskatzen zaio, "non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien".

Bi eskaerokin batera herritarrei zuzenduriko bi deialdi ere iragartzen ditu mozioak. Batetik, etxeko balkoi eta leihoak xingola beltzez janzteko gonbita, Udalak ere hala egingo du. "Usurbilgo udaletxeko balkoian xingola beltz erraldoi bat zintzilikatzea, protesta modura. Halaber, usurbildar guztiei gauza bera egiteko deia luzatzen diegu". Horrekin batera, manifestazioa ere deitzen du EHBilduren mozioak; abenduaren 13an (ostirala) abiatuko da 19:00etan udaletxe ataritik.

Ekimen eta eskaerok erraustegia probaldi fasean piztu zuten ostegunean jaso zituen EHBilduk mozio batean eta udalbatzaren osoko bilkuran aurkeztu zuen urgentziaz. EAJ eta PSE aurka agertu ziren. 

EHBilduren mozioa
Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu duen egun berean jarri dute probaldi fasean Zubietako errauste-plana. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Tamalez, gaurkoa egun beltza eta tristea da, usurbildarrontzat. Zubieta gainetik egun osoan zehar ikusi dugun ke etengabea da horren adierazgarri. 

Diogun bezala, gaurko egunez, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratzeko ebazpena onartu du, eta ekintza zehatzak egiteko eskatu die Europako Batzordeari, estatuei eta instituzioei. Gipuzkoako instituzioak, haatik, bistan da kontrako norabidean ari direla. Gaurko irudiak dena esaten du. Eta, tamalez, biharkoak, etzikoak, etzi damukoak... hala erakutsiko du, honi konponbiderik eman ezean.

Eta, konponbidea egon, badago, usurbildarrok erakutsi dugun bezala. Usurbildarrok erakutsi dugu osasuna eta ingurumena aintzat hartuz, posible dela hondakinak kudeatzea. Gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat egin genuen duela 10 urte usurbildarrok, eta, gaur egun herrian sortzen den hondakinen ia %90 gaika biltzen dugu. Apenas sortzen dugu errefusik. Eta, zorionez, asko dira bide hori hartu duten Gipuzkoako herriak. Usurbil eredu da, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Eredugarritzat dute Usurbil 0.0 hiri hondakinak kudeatzeko udal honen plangintza. Kanpoan eredu dena, hemen zergatik ez?

Gainera, adituek diote gaur egun Gipuzkoan birziklatzen denarekin, eta, are, Diputazioak berak PIGRUG berrituan ezarri dituen birziklatze-helburuak aintzat hartuz, Gipuzkoak ez duela errauste-plantarik behar. 

Munduan erreferentziazkoak diren hainbat erakundek,  errauste-plantek jendearen osasunean eragiten dituzten kalteez ohartarazten gaituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak ohartarazpen hauei jaramonik egin ez, eta Usurbilgo herritarrei batere azalpenik eman gabe proiektuarekin aurrera jarraitzeko erakutsi duen jokabidea larria iruditzen zaigu.

Osasuna gauza serioa da. Eta zentzu horretan, errauste-planta, gure baliorik preziatuenaren aurkako mehatxutzat bizi dugu usurbildar askok.

Kezkatuta gaude, bai. Horregatik, EHBilduk, honako hau eskatu nahi dio Usurbilgo udalbatzari, urgentziazko mozio honen bidez, 

1) Erraustegiak usurbildarroi eragin digun kezkaz eta erraustegiak herritarren osasunean eragin dezakeenaz hitz egiteko, Gipuzkoako ahaldun nagusiari biltzeko eskaera luzatzea.
2) Alkateari eskatzea Gipuzkoako alkate guztiei eskutitza bidal diezaiela, non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien.
3) Usurbilgo udaletxeko balkoian xingola beltz erraldoi bat zintzilikatzea, protesta modura. Halaber, usurbildar guztiei gauza bera egiteko deia luzatzen diegu.
4) Usurbilgo Udalak dei egiten die usurbildar guztiei abenduaren 13rako antolatuko duen manifestazioan parte hartzera. 19:00etan, Joxe Martin Sagardiaren plazan.

Usurbilgo EHBildu