Udalbatzarra

Udal diru-laguntzen plan estrategikoa berrituko da

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 5a, 12:33

Urteroko udal diru-laguntzak arautzen dituen egungo plan estrategikoaren indarraldia amaituta, 2020-22 urtera artekoa hasieraz onartu zuen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran.

Euskara, kultura, kirola, parekidetasuna, ingurumena, nekazaritza eta abeltzaintza, gizartegintza, igogailuak ezartzeko, hutsik diren lokalak biziberritzeko… Eremu guztiotako proiektuak babestu eta bultzatzeko diru-laguntza deialdiak plazaratzen ditu urtero Usurbilgo Udalak. Laguntza eskaintza zabal hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoak arautzen du. Egun indarrean dena (2017-19 artekoa) zaharkitua geratu da; 2020-22 urtera artekoa hasieraz onartzea babestu zuen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran. Alde bozkatu zuten EHBilduk eta EAJ-k. PSE abstenitu zen. 30 egunez jendaurrean jarriko dute, behin betiko onartu aurretik.

Orain artekoak bezala, plan berriak jasotzen duenez "Udalak dirulaguntzak emango dizkie pertsonei edo erakunde pribatuei, erabilera edo interes sozialeko jarduerak bultzatzeko edo udal eskumeneko helburu publikoen lorpena sustatzeko". Eskainiko diren laguntza lerroak ere zehazten ditu plan estrategiko berriak: euskara; garapen ekonomikoa eta enplegua; gazteria; Gizarte Zerbitzuak; hezkuntza; ingurumena; kirola; kultura;  nekazaritza eta abeltzaintza. "2020. urterako, hasieran aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa hau da: 657.073 euro", dio plan estrategiko berriak.