Jakoba Errekondo eta Ibai Arrietaren sortze lanen aurkezpena gaur 54. Durangoko Azokan

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 6a, 10:28

Bigarren eguna du gaurkoa 54. Durangoko Azokak. Atzo bezala, usurbildarren sortze lanen aurkezpen gehiago iragarri dituzte ostiral honetarako; Jakoba Errekondoren “111 hostoz eta orriz jantzi" argitalpena eta Berri Txarrak taldearen azken urteko biran Ibai Arrietak ateratako argazki bildumaren inguruko ekitaldi bana Landako gunean.

Jakoba Errekondoren “111 hostoz eta orriz jantzi” argitalpenari buruz ohartxo bat. Errekondok azken mende laurdenean landareei buruz Argian idatzi dituen 1.111 artikuluetatik 111 hautatu dituzte eremu anitzetako 22 pertsona ezagunek. Artikulu horien bilduma da aipatu argitalpen berria.

Durangoko Azokako gaurko aurkezpenera joan ezin duenak, abenduaren 12an 19:00etan Potxoenean jaso ahalko ditu liburu berri honen gaineko xehetasunak, Jakobaren beraren eta 25 urteotan Argia aldizkarian landareei buruz idatzi dituen 1.111 artikulu bildumaren hautaketa lanetan parte hartu duten herritar Idoia Torregarai, Joseba Tapia eta Antton Olariagarekin.

54. DURANGOKO AZOKA
ABENDUAK 6, OSTIRALA
13:00-13:30 Ahotsenea Solasaldiak: "Berri Txarrak, Harkaitz Cano, Ibai Arrieta eta Eider Iturriaga". "Berba eta irudia. Berri Txarrak taldeak Ikusi Arte mundu mailako biraren ondoren etenaldi mugagabea egingo zuela iragarri zuen. Ibai Arrieta eta Eider Iturriagak bira hau barru-barrutik bizitzeko aukera izan dute eta bizitakoa argazkitan jaso dute. Harkaitz Canok hitzak jarri dizkie irudioi".

18:30-19:00 Areto Nagusian:
“111 hostoz eta orriz jantzi”. "Partaideak: Jakoba Errekondo, Harkaitz Cano, Amets Arzallus, Elixabete Garmendia... (kolaboratzaile guztiak zehazteke). Antolatzailea: Argia. "25 urteetan zehar Jakoba Errekondok ARGIA aldizkarian landareei buruz idatzitako 1.111 artikuluen hautaketa da. 111 artikuluko bilduma egin dute 22 pertsonaia esanguratsuk: A. Lertxundi, M. Lujanbio, H. Cano, I. Borda, A. Arzallus..."



ABENDUAK 7, LARUNBATA
11:00-11:30 Areto Nagusian: “De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el Pais Vasco”.  Partaideak: Joan Mari Torrealdai eta Martin Anso. Antolatzailea: Txertoa. "Garai frankistan eta euskarazko liburuek jasandako zentsuran oinarritutako liburua aurkeztuko digu Joan Mari Torrealdaik".

14:00-14:30 Ahotsenea Solasaldiak: Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga. "Landareak lantzen 2020".
"Baratzean, fruitu arboletan, lorategietan, basoan noiz zein lan egin? Erein, landatu, inausi, tratatu, uztak jaso, txertatu... Zein urte garaitan egin behar da lan bakoitza?. Izan ere, zenbat lan! Hemen duzu urte osoan egin beharreko lanen egutegia, sasoi bakoitzari, hilabete bakoitzari eta ilargialdiari lotuta. Era berean eta gure lanak ikasteko bide izan ditzagun, lan bakoitza noiz eta nola egiten dugun jasotzeko aukera ematen du gida honek. Zenbat aldiz gertatu zaigu: hazia nondik ekarri genuen ahaztu edo noiz erein genuen edo zein ongarri eman genion ez gogoratzea... Ikasteko bide onena egindako lan guzti-guztiak ahal den eta zorrotzen jasotzea da. Jaso eta ikasi. Aurtengo gaia: zuhaitzak".

16:30-17:00 Areto Nagusian: "2020ko ilargiaren egutegia": Partaideak: Pello Zabala eta Jakoba Errekondo. Antolatzailea: Argia.
"2020ko ilargiaren egutegiaren aurkezpena eta ilargiaren eraginaren azalpena. Pello Zabalak eta Jakoba Errekondok aurrez aurreko kontsultategia jorratuko dute ikusleen galderak eta zalantzak argituz".

17:00-17:30 Ahotsenea Solasaldiak:
Yurre Ugarte eta Joseba Larratxe. "Joana Maiz".
JOANA MAIZ komikiaren/nobela grafikoaren aurkezpena. Egileak Yurre Ugarte gidoilaria eta Joseba Larratxe Josevisky marrazkilaria dira.



ABENDUAK 8, IGANDEA
12:30-13:00 Areto Nagusian: “Argi-izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko” argitalpenaren aurkezpena. Garazi Lizaso Manterolak eta Oidui Usabiaga Arruabarrenak parte hartu dute.
Zehaztasunak: “Esku artean duzun liburu hau, gaur egunean, aktibismotik zein akademiatik, emakume espetxeratuek bizitzen dutena azaleratu nahi duten ikerlanen bildumatxo bat da, espetxe-sistemak haiengan dituen eraginen ingurukoa. Hainbat lan eta ikuspegiren arteko elkarrizketa bilatzen saiatu gara, argi-izpi ezberdinak ekartzeko asmoz, kartzeletako barrunbeetako zenbaitez ohartu eta hausnartzen jarraitzeko. Izan ere, eztabaida sustatu, gogoeta kolektiboa bultzatu eta gizartean gaia azaleratzen segitu nahi dugu, betiere analisi feminista bidelagun izanik. Askotariko iritzi eta ikusmoldeak topatuko dituzu hemen; espetxe-sistemaren izaera diskriminatzailetik hasiz, itxialdiari aurre egiteko emakume espetxeratuek dituzten erresistentzia-mekanismoekin jarraituz, euskal gatazkaren testuinguruko hainbat esparru jorratu eta emakume presoekin zuzenean lanean dauden profesionalen hainbat ekarpen jasotzeraino. Momentu aluzinagarria aipatzen du Eva Forestek espetxetik idatzitako gutunetan; horri buruz hitz egin eta kontatzearen beharraz mintzo da. Espetxea, tortura, errepresio-sistema… bizitzea egokitu zaien pertsonen alboan egon gaitezen, bestelako egitura batzuk amestu ditzagun. Ziur aski, ezin da kartzelaz idatzi barruan egon gabe. Baina doazela argi-izpi batzuk, elkarren berotasuna senti dezagun, momentu batez bada ere".

Azokaren ordutegia: abenduaren 5etik 8ra, 10:30-20:00 artean.
Informazio gehiago: durangokoazoka.eus