2020ko udal aurrekontuak

2020ko erronkei heltzeko 12,3 milioi euro izango ditu Usurbilek

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 6a, 13:56

Hasieraz onartuak eta erreklamazio epean dira 2020ko udal aurrekontuak. 12.375.710 euro izango ditu Usurbilek urte berriko egitasmoak bideratzeko.

Iaz baino 320.000 euro pasatxo gehiago izango ditu Usurbilek urte berriko egitasmo eta erronkei heltzeko; guztira, 12.375.710 euroko udal aurrekontuak. Azaroaren 28ko udalbatzaren osoko bilkuran onartu zituzten hasieraz EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren.

Udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez, igoera izan dute herri honetako diru-sarrerek. Agurtzane Solaberrieta alkateak nabarmentzen zuenez, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru funtsa 100.000 eurotan haztea aurreikusia dute. Eta bestalde, herri honetan gauzatzeko bidean diren bi egitasmo handiek izango duten eragina ere ahotan hartu zuen; Udalak eta Matia Fundazioak Kalezarren eraikiko duten adinekoen auzune berria eta Michelin lantegiaren ondoko Zapategi lur eremura Gureak eta Elkar lantegiak ekartzeko egitasmoak hain zuzen. 

Azken proiektuon harira, aurreko legealdiak eginiko ahalegina goraipatu zuen Solaberrietak. "Lan eta harreman handiaren ondorio dira proiektuok Usurbilen lur hartzea". 

Egungo udaleko lan talde batek urte berriko aurrekontuetako gastu orokorrak kontrolatzeko ahalegina ere nabarmendu zuen alkateak. "Partidaz partida begiratu da", aurrekontu ahalik eta errealenak izan eta diru gehiago izate aldera.

Aurrekontuak onartzeko bidea
Hasieraz onarturiko udal aurrekontuok erreklamazio epean dira abenduaren 5az geroztik 15 lanegunez. Tarte horretan erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, 2020rako udal aurrekontuak behin betiko onartutzat joko dira.

Jada bide luzea jorratu dute urtero moduan, udal aurrekontuek. Urriaren 8an aurkeztu zuen Ogasun Batzordean aurrekontu proposamena udal gobernu taldeak. Gogoan izan, aurrekontuon lanketa herritar, eragile edota udal ordezkariekin partekatu zuela udal gobernu taldeak. Batzuen zein besteen ekarpenak batzen aritu ziren azaroan zehar auzoz auzo EHBilduk egin zuen bilera errondan. Ekarpenok jasota, azaroaren 22ko Ogasun Batzordean aurrekontuok hilaren 28an egin zen udalbatzaren osoko bilkurara eramatea erabaki zuten. Eta aipatu plenoan hasieraz onartu ziren gehiengo osoz; EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren.

2020ko UDAL AURREKONTUAK ZENBAKITAN
Aurrekontuen bilakaera:

2008: 12.925.163 euro.
2009: 13.200.000 euro.
2010: 13.042.840 euro.
2011: 13.903.890 euro.
2012: 10.982.729 euro.
2013: 10.033.478 euro.
2014: 10.360.521 euro.
2015: 10.482.470 euro.
2016: 10.705.129 euro.
2017: 11.057.464 euro.
2018: 11.310.981 euro.
2019: 12.055.173 euro.
2020: 12.375.710 euro.

Gastuak kapituluka
Pertsonala:
4.276.897 euro (%34,56).
Ondasun arrunt eta zerbitzuak: 4.973.700 (%40,19).
Finantzak: 20.000 (%0,16).
Transferentzia arruntak: 873.478 (%7,06).
Kreditu orokorra: 100.000 (%0,81).
Inbertsioak: 1.743.635 (%14,09).
Kapital transferentziak: 88.000 (%0,71).
Finantza pasiboak: 300.000 (%2,42).


Herri jasangarria:
Gastuak: 3.192.385 (%25,80).
Inbertsioak:
-Pikaola zati baten urbanizazioa.
-Usurbil 0.0
-Efizientzia energetikoa.
-Herri lanetarako baliabideen berritzea: Brigadarako hondeamakina.
-Konponketak ur-hornidura zerbitzuan: inbertsio handiena. Herriko ur propioarekin herriaren ahalik eta eremu handiena hornitzeko apustua (egun %40a Erroizpeko urarekin hornitzen da). Epe ez oso luzean amortizatuko dena udal gobernuaren esanetan, Añarberi ordaintzea utziko zaion horrekin aurreztuko baita.
-Kale Irekiak: Mikel Laboa plaza-Artzabal oinezkotzea.

Herri nortasuna:
Gastuak: 1.963.260 (%15,86).
Inbertsioak:
-Liburutegiko fondo berriak eskuratzea.
-Sutegirako nahasketa mahaia.
-Lanbide Hastapeneko Atalluko pabilioia egokitzea.
-Kalezarko Pelaioenea berritu eta egokitzea: Emakumeen Etxea kokatuko da bertan eta Kalezarko bizilagunen beharrei ere erantzungo die. Emakumeen Etxearen proiektua edukiz hornitzeko parte hartze prozesua egingo da.
-Txokoaldeko plaza eta gizarte ekipamendua Akerra Gaztetxearen eraikinean. Berriki, auzoko eta auzotarren beharrak identifikatu eta gunearen erabilera zehazteko parte hartze prozesua bideratu zuen Udalak txokoaldetarrekin.
-Kale Irekiak: Aginagako Elutx bidea, Kaxkoa oinezko bidearekin lotzeko proiektua. 
-Zubietako inbertsioak.
-Zumarteko barne ekipamendua.

Ongizartea:
Gastuak: 2.073.533 (%16,75).
Inbertsioak:
-Oiardo Kiroldegiko pistako harmailen eta kamaren konponketa eta berritzea.
-“Guztion” proiektuaren garapena.
-Barne ekipamendua.

Udala herriaren zerbitzura:
Gastuak: 4.926.762 (%39,81).
Inbertsioak:
-Multifuntzioak eskuratzea. 
-TETRA komunikazio sistema berria…

Oharra:
inbertsioak guztira, 1.743.635 euro.

Beste gastuak:
Kreditu orokorra: 100.000 (%0,81).
Nazio eraikuntza+solidaritatea: 119.720 (%0,97).