2020ko udal aurrekontuak

Usurbilgo EHBildu: "EAJk beldur die herri-adostasunei"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 6a, 13:49

Azaroaren 28ko udalbatzaren osoko bilkuran 2020ko udal aurrekontuak hasieraz onartu zituen udalbatzak. Erabaki haren harira honako balorazioa helarazi dio Usurbilgo EHBilduk NOAUA!ri

EHBILDUREN BALORAZIOA

EAJk beldur die herri-adostasunei
Azaroaren 28ko osoko bilkuran onartu zituen udalbatzak datorren urterako aurrekontuak, EHBilduko udal-gobernuaren aldeko botoekin. EAJ eta PSE abstenitu egin ziren. PSEren jarrerak ez gintuen harritu, aurrez zinegotziarekin izandako bileran aurreratu zigulako bere bozka, nahiz eta aurrekontuak, oro har, begi onez ikusi. Haatik, EAJren jarrerak tristetu egin gaitu, berriz ere alderdi interesak eta joko politikoa lehenetsi baititu herri-interesen aurretik.

Aurrekontu-zirriborroa aurkeztu genuenean argi adierazi genuen ekarpenetara irekita zegoen dokumentu bizi bat genuela esku artean, eta ahalegina egingo genuela oposizioaren ekarpenak jasotzeko. Herritarrenak biltzeko auzoz auzo ibili gara.

EAJk hiru proposamen egin zituen, eta hirurak txertatu ditugu 2020ko aurrekontu-proiektuan. Lehenengoa, Txikierdi eta herri sarrera lotuko dituen bidegorri proiektu bat idaztea (60.000 euro); bigarrena, Etxealdia auzorako ordenazio berri bat lantzea (50.000 euro); eta, hirugarrena Memoria eta Bizikidetzaren arlorako 15.000 euro bideratzea. Esan dugun bezala, hirurei egin diegu toki, nahiz eta bidegorriaren proiektua idaztea Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion. Une honetan, herri sarreran biribilgune bat egiteko proiektua idazten ari da Sestra enpresa, Udalaren eskariz, nahiz eta zeregin hori Diputazioarena izan. Hala ere, Usurbilek bidegorri hori egiteko eta herri sarrera hobetzeko duen premiak eraman gaitu ardura hori geureganatzera.

Bestalde, plenoan adierazi genuen bezala, Etxealdiaren gaineko kezka, kezka partekatua da. Udal-gobernu hau lanean eta harremanetan dago Eusko Trenbide Sarearekin tren-geltokirako konexioak eta bideak hobetzeko. Ez dugu proiektu faraonikorik eskatzen; soilik herritarren segurtasuna bermatzea. Hala, proiektu horrekin bat, Etxealdirako proposamenak aldi berean lantzea egokia iruditu zaigu, eta, beraz, datorren urtean auzoarekin batera parte hartze saioa bideratuko dugu, auzoaren behar eta arazoei guztion artean soluzioak topatzeko. Hirugarren proposamenari dagokionez esan, eskua luzatu diegula udalean Memoria eta Bizikidetzaren gaia landuko duen batzorde edo lantalde bat eratzeko.

Euren proposamenak txertatu arren, EAJk ez ditu aurrekontuak babestu. Zergatik, baina? EAJk beldur dielako herri-adostasunei, boto espainol batzuk mantentzearren. Argudio oso-oso merkeak entzun genituen osoko bilkuran, justifikaezina den abstentzioa, nolabait, justifikatu ahal izateko. Batzuetan, gezurrak ere bai. Iraupenezko aurrekontuak direla, ez direla aurrera begirakoak, inbertsioetarako diru gutxi dagoela, udal barruko beharretara diru gehiegi bideratu dugula...

EAJk jakin badaki udal-gobernua Legegintzaldiko Plana osatzeko prozesuan murgilduta dagoela. Lau urteko perspektiban kokatzen ari gara gure lana, lehentasunezko lan-ildoak eta egitasmoak finkatzeko. Udaleko langileekin batera ari gara dokumentua osatzen, eta oposizioari ere parte hartzeko gonbita luzatu diogu. Ez dute parte hartu nahi izan, ordea. Oposizioaren ideiak, egitasmoak,... barnebiltzeko prestutasun osoa izan dugu, hasiera-hasieratik. Kale, ordea. Berriz ere, EAJk uko egin diote adostasunak lortzeari. Hortaz, ez diegu onartzen begirada luzearekin landu gabeko aurrekontuak direla esatea. Gezurretan ari dira. 2020ko aurrekontua Legealdiko Planaren gure abiapuntua da. Parekidetasuna, aniztasuna, euskara, ingurumena edota gizarte zerbitzuetarako prestatu dugun lau urterako programaren lehen geltokia dira, nolabait esateko.

Bestalde, udal barruko beharrei erantzuteko, diru gehiegi bideratu dugula ere leporatu digute. Marka da gero!! EAJk jakin badaki, batzorde ezberdinetan ari baikara honen berri ematen, udalaren berrantolaketari begirako lau urterako plangintza bat ari garela osatzen, langileekin elkarlanean. Udalaren digitalizazioa, artxibo sistema berria ezartzea (aurrez artxibo zaharra antolatuta), udaletxea berritzea eta espazioaren antolaketa berri bat diseinatzea eta kalitatezko enplegu publikoak sortzea dira abiatu berri dugun barne antolaketaren lan-ildoak. Honen guztiaren helburua argia da: usurbildarrei kalitatezko zerbitzu publiko eraginkorra eskaintzea. Proiektu honen jomugan, beraz, herritarrak daude. Zer du honek txarretik? Anbizio handiko erronka dugu esku artean, eta diru-partida zehatzez hornitu behar da, aurrera egingo badu. Bestela, kea saltzea litzateke (horretarako nahiko dugu errauste-plantaren tximiniatik ateratzen denarekin!!!)

Orain arte aipatutakoak argudio batzuk baino ez dira. Luze joko liguke guztiak banan bana hemen erantzutea.

Laburbilduz, legealdia adostasun handiak lortuz has gintezkeen, Usurbilen mesedetan. Bistan da EAJ ez dagoela horretan. Penaz diogu, aukera galdua izan da.

Edonola ere, ez dugu dudarik datorren urterako aurrekontu-proiektu ona dugula. Inbertsioetarako ahalegin handia egingo dugu; zaurgarritasun eta ziurgabetasun egoeran dauden herritarrei laguntzeko, auzoen beharrei erantzuteko, emakumeen ahalduntzean sakontzeko, aniztasunari balioa emateko, ingurumenarekin abegikorrak diren politikak sustatzeko, usurbildarrei udal zerbitzu eraginkorra eskaintzeko.