2020ko udal aurrekontuak

Usurbilgo EAJ: "EHBilduko udal gobernu honek, azken urteotakoen bide beretik, iraupenerako aurrekontuak burutu ditu"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 6a, 13:38

Azaroaren 28ko udalbatzaren osoko bilkuran 2020ko udal aurrekontuak hasieraz onartu zituen udalbatzak. Erabaki haren harira honako balorazioa helarazi dio Usurbilgo EAJk NOAUA!ri.

EAJren BALORAZIOA:
2020ko aurrekontuei dagokienez, begi onez ikusten ditugu guk egindako hiru proposamenak aintzat hartzea, 2020an proiektuak martxan jartzeko lehen urratsen partidak dira. Lau urte ditugu aurretik eta ikusiko dugu paperean idatzita onartzeaz gain kudeaketa egoki baten bidez proiektu hauek gauzatuak ikusten ditugun legealdi honen bukaerarako.

Bestalde, udal batek duen baliabide garrantzitsuena aurrekontua dela jakinik eta herritar guztien ongizatea bermatzeko tresna izanik nabarmendu nahi dugu sarreren eta gastuen arteko oreka ez dela bermatzen. Hau da, sarrera orokorrak %3,2an igotzen dira eta gastu orokorrak berriz %4an. Ildo honetatik jarraituz gero, urtetik urtera inbertsioetarako diru gutxiago izango dugu. Egunean eguneko aurrekontuak iruditzen zaizkigu, aurrera begirako ikuspenarekin egindakoak izan beharrean.

Baita ere azpimarratu nahi dugu sarrera hauek Udalak ordenantza fiskalak ukitu gabe jasoko dituela aipatzen dela eta hori ez da zuzena, Udalbatza honek 2020ko ordenantzetan Kontsumorako Prezioen Indizearen igoera onartua dauka, eta beraz ordenantza fiskalak ukitu dira eta usurbildar guztiok geure poltsikoetan nabarituko dugu.

Denok dakigu aurrekontuak direla udalak duen baliabide estrategikoena, eta baliabide honek herrigintza eta usurbildar guztien zerbitzurako izan behar duela. Bai oraingo erronkei begira eta bai datozenei aurre egiteko.

EHBilduko udal gobernu honek, azken urteotakoen bide beretik, iraupenerako aurrekontuak burutu ditu. Egitasmo falta, inbertsio eskasa, emaitzak hor daude: egitasmo berritzaile ezaren ondorioz, inguruko herriekin alderatuz, Usurbil, zerrendaren azken postuetan kokatu da.

Hasi berri dugun legealdi honetan EAJ udal taldeak helburu zehatz eta geroari begirako emendakin batzuk aurkeztu ditu aurrekontuetan sartuak izan daitezen. Benetan pozten ginen udal gobernuak onartzeko asmoa zuela adieazi digunean. Jakitun gara, guk eginiko emendakinek aurrekontu hauetan portzentai txikia suposatzen dutela zifra orokorrarekin konparatuz. Legealdi honetan egitasmo hauek bultzatuko diren itxaropena dugu.

Lau urte ditugu aurretik ikusi ahal izateko EHBilduk osatzen duen gobernuak benetan aurrera ateratzen dituen aurkeztu ditugun proposamenak. Ez da nahikoa txostena idatziz jartzea, baizik eta kudeaketa egoki baten bidez proiektuak gauzatuak ikustea legealdi honen bukaerarako.