Euskara eskuratu eta oparitzeko katalogo berria kalean

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 7a, 08:55

Hego Euskal Herriko 115 udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuek elkarlanean landu duten 21. Euskarazko Produktuen Katalogoa kalean da. Papereko edizioaz gain, katalogo osoa noiznahi kontsulta dezakezue sarean. Euskara oparitzeko aitzakiarik ez da urte amaiera honetan.

Zabalik den 54. Durangoko Azokan erosketak egin nahiz guztion etxeetara bidean datozen Mari Domingi eta Olentzerori gurariak bideratzeko oparien zerrenda prestatzen hasteko garaia da. Ez ahaztu bereziki haur eta gaztetxoentzako eskariren bat egin nahi duenak, sorpresen saski horretan euskarari tartea egitea. Urte amaiera honetan ere, euskara oparitu diezaiekezue 0-16 urte arteko haur eta gazteei, eskaintza zabala baitugu eskura. Hautaketa lana egiten lagunduko digu, Hego Euskal Herriko 115 udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuek (tartean Usurbilgoak) elkarlanean plazaratu duten 21. Euskarazko Produktuen Katalogoak.

Asteotan, 100.000 ale banatuko dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Usurbilen ikastetxeetan banatuko du Udalak. Egitasmoak duen web orrialdeko eskaintza osotik, musika, DVD-film, aldizkari, komiki, liburu, jostailu eta joko eta gurasoentzako materialaren aukeraketa bat biltzen du 0-12 eta 12-16 urte arteko haur eta gazteentzako eskuorriak.

Erraz eskuragarri
Baina paperezko edizioaz gain, 10.000 produktu baino gehiagoren erreferentziak aurki ditzakezue une oro katalogoa.eus atarian. Kopurua etengabe hazten eta eguneratzen doaz. Papereko edizioan bezala, sarean ere 0-12 eta 12-16 urte artekoentzako bereizitako bi atalotako bakoitzak produktuak izenburu, argitaletxe, egile edota argitalpen-dataren arabera bilatzeko aukera eskaintzen du. Haietako bat hautatu eta eskuratu nahi izanez gero, katalogoa.eus ataritik produktu horren argitaletxearen denda birtualera sartzeko bidea ere bada, “non eskuratu” botoiaren bidez.

Web orri bizia da katalogoa.eus ataria. Deskatalogaturiko produktuak ezabatzen joaten dira, berriak txertatzen. Nobedadeak Facebook eta eta Twitter bidez jaso ditzakezue, baita buletin elektronikora harpidetuta ere. Guztia, merkatuan dauden euskarazko produktuak eskuratzea errazteko.