Irri handi bat marraztu dio Usurbili, "Herri Txiki Infernu Handi" saioak

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 9a, 10:21

Usurbil eta usurbildarrak izan ditu protagonista Euskal Telebistak bart eskaini duen "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak. Atala ikusterik izan ez bazenuten, sarean zintzilikatua duzue jada.

Usurbil ezagunagoa da gaurtik Euskal Herrian, jarraitzaile mordoa duen Euskal Telebistaren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioari esker. Bart eskaini zituzten, azaroan zehar herri honetan grabatutako irudi eta ahotsak. Gaztañako Simona eta Manuel anai-arrebak sagarraren eta sagardoaren bueltan solasean aritu ziren Zuhaitz Gurrutxagarekin. Herritik barrena egin zuen paseoan, eguneroko bizimodua patinen gainean egin ohi duen Iban Salsamendirekin topo egin zuen, Patri ondoan. Askatasuna plazan, minbizia gainditu berri duen Inar eta bere gurasoekin. Sendatze prozesua nola bizi izan zuten azaldu zioten Zuhaitzi. Gogoan izan, aurtengo EITB Maratoia hain zuzen haur minbiziaren ikerketarako laguntza bideratzeko antolatu dutela.

Mikel Pagadi artean, Baba Txiki Beltz Kofradiako kide bilakatu zen. Joxe Ramon Sarasola eta Pedro Mari Matxainen eskutik, Andazpe elkartera gonbidatu eta kofradia aurkeztu zioten; ereserkia, kapa, abuztu amaieran egin ohi duten erritua... Kalezarren izan zen Pagadi Milagrosekin, bertan jatorria duen Usurbilen sorreraz hitz egiten. Santuenetik Urdaiagara igo zen Pagadi Maribirekin. San Estebango ermitaren dohaiez jardun zuten. Lehenago, Juantxo Gorostidi txirrindulari ohia elkarrizketatu zuen Pagadik Anerreka ondoko ibilbidean. 

EITB Nahieran atalean ikusgai
Saioa eskaini berritan, eskertza mezua zabaldu zuen Mikel Pagadik sare sozialen bidez. "Eskerrik asko bihotzez usurbildarrei eta astero
#herritxiki posible egiten duzuen guztioi. Barkatu eragozpenak eta biba zuek".

Saioko hainbat une dituzue segidan. Usurbili eskainitako "Herri Txiki, Infernu Handi" osorik, esteka honetan klikatuta ikus dezakezue:
https://www.eitb.tv/eu/bideoa/herri-txiki-infernu-handi-6-denboraldia/6549/164541/usurbil/

 
 


Irudiak eta bideoak: Herri Txiki, Infernu Handi.