Ostiraleko manifestazioarekin bat egin eta mobilizazio aurretik prentsaurrekoa deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 11a, 11:55

Erraustegia geratzeko Usurbilgo Udalak ostiralerako (abenduak 13), 19:00etan udaletxe ataritik deitu duen manifestazioa atxikimenduak biltzen ari da; tartean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduarena. Mobilizazio aurretik prentsaurrekoa deitu du eta balkoi zein leihoetan zintzilikatzeko banderolak ere salgai izango dituztela jakinarazi dute. 

Usurbilgo Udalak "SOS Usurbil, erraustegia gelditu!" aldarripean ostiralerako (abenduak 13) 19:00etan udaletxetik abiatuko den manifestazioa antolatu du. Atxikimenduak biltzen ari da mobilizazioa; tartean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduarena. "Bat egiten dugu ostiralerako Usurbilgo Udalak deitu duen manifestazioarekin eta dei egiten dugu bertaratzera!", adierazi dute aipatu herri mugimendutik. 

Ostiraleko manifestazioaren harira, bi deialdi ere plazaratu dituzte. Batetik agerraldia iragarri dute mobilizazioa abiatu aurretik. "Egoeraz egiten dugun irakurketa gizarteratuko dugu prentsaurrekoan ostiralean 18:30ean Potxoenea kulturetxean. Zatoz!", luzatu dute gonbita. Horrekin batera, etxeko balkoi eta leihoetan zintzilikatzeko errausketaren aurkako banderolak salgai izango dituztela ere iragarri dute. "Ez onartu erraustegia. Sala dezagun egoera", deitu dute Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik.

Atxikimendu gehiago
Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, Usurbilgo Udalak deitutako manifestazioarekin bat egin dute baita Lasarte-Oriako EHBildu eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek. Andoaingo Ipar Haizea erraustegiaren aurkako herri plataformak ere bat egin du hitzorduarekin. "Zatoz eta esan ozen ezetz erraustegiari!", adierazi dute.