Jakoba Errekondoren “111 hostoz eta orriz jantzi” argitalpen berriaren aurkezpena 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 12a, 08:59

“111 hostoz eta orriz jantzi” izena du Jakoba Errekondoren argitalpen berriak; Argian 25 urtez landareei buruz idatzitako 1.111 artikuluetatik 22 lagun ezagunek eginiko hautaketa lanen bilduma. Abenduaren 12an aurkeztuko du jendaurrean 19:00etan Potxoenean, hautaketa lanetan bidelagun izan dituen Joseba Tapia eta Antton Olariagarekin.

Artikulu eta pertsonen hautaketa bikoitzaren emaitza da liburua. Nolakoa izan da sortze prozesua?
Jakoba Errekondo: 
Prozesua duela denbora dezente abiatzen da. Aurten bagenekien Argiak 100 urte beteko zituela eta kasualitatez 25 urte bete ditut bertan astero idazten. Hortik abiatuta, artikulu horien hautaketa bat argitaratzea planteatu eta zenbakiekin hasi ginen lanean. Argiak 100 urte, nik 25 urte Argian idazten, urrira arte astero 1.111 artikulu eginak; hasieran 1.111 karakterekoak, azken aldian 2.222 karakterekoak. Denak ezin argitaratu eta hautaketa nola egin planteatu genuen. Garbi ikusi genuen hori pertsona batek ezin zuela egin. Nirekin nolabaiteko harremana izan zuten 22 lagun hautatu ziren. Bakoitzari 50 artikulu eman eta horietatik 5 artikulu hautatu behar zituzten. 444 karaktereko testutxo bat idaztea eskatu zitzaien. Oso ondo erantzun dute, hemen dago emaitza.

Tartean, nabarmentzearren, herritarrak. Potxoeneko aurkezpenean alboan izango dituzunak.
Lau herritar ariko gara liburuaren aurkezpenean; ni neu, Antton Olariaga, Idoia Torregarai eta Joseba Tapia.

Zure mende laurdeneko lana nola geratu da islatua argitalpenean?
Emaitza bitxia eta berezia da, oso ikuspegi desberdinetatik egindako hautaketa izan delako. Badaude bertsolariak, musikariak, idazleak, kazetariak, zinemagileak, sukaldariak, baratzazainak, denetarik. Bakoitzak bere ikuspegitik egin du lan hau eta hori da berezia, bitxia, liburu honi aparteko balorea ematen diona. Pertsona eta ikuspegi asko biltzen ditu.

25 urteetako zure ibilbidea irudikatzen du argitalpenak. Zer nolako bilakaera?
Argian idazten hasi nintzenean, 10 urte neramatzan irratian. Hitzezko zuzeneko lan bat egitetik idaztera, pentsatzera igaro nintzen. Idazten duzun hori hor geratzen da. Paperean jarri behar horrek halako errespetua ematen zidan. Irakurle amorratua naiz umetatik, idatzi edo argitaratzen denak denborarekin hobetzera jo behar duela iruditzen zait, balore bat hartu behar duela. Buruan duzun hori hitzetara eramaten hasi nintzenean, oso gogorra izan zen niretzat; astero pentsatu beharra ze irakurlerentzako ari naizen... Ez da gauza bera irratian zuzenean hitz egin, edo eseri eta irakurtzen jartzen denarentzat idaztea. Argiako irakurlea beste upeleko sagardoa da. Haientzako beti etengabe hobetu behar da. Gaur egungo testuak askoz sakonagoak direla iruditzen zait, tarte handiagoa dut eta gaiak lantzeko aukera gehiago. Bestalde, gaien aldetik ere garapena nabarmendu dela iruditzen zait.

Landareen mundura, kulturara gerturatuko gaitu zure argitalpenak ezta? Mundu honekiko hartuemanez aritu zara 25 urteotan?
Nik idazten ditudan artikuluak ez dira landare zaletuentzako. Beti hitz egiten da urte sasoi bakoitzean zer lan egin behar diren baina garrantzitsuena etnobotanika da; gure gizarteak eta kulturak, gure jendarteak zer harreman duen landareen munduarekin. Hori nola erabili eta ustiatu izan dugun, horrek nola sortu duen gure kulturari lotutako paisaia... Gaiak batez ere hortik doaz.


Eta horri lotuta, euskara. Euskararekin ere jolasten du liburuak. Hiztegi aberats askoa dakar.
Ikaragarrizko aberastasuna dugu euskaraz. Beste hizkuntzetan ere bai. Garbi dago hizkuntza batez ere landareekin hartuemana izan dugun unean sortu dela eta aberastu egin da. Nekazaritzari, lurra lantzeari esker kultura dugu. Horrek hizkuntzan ere eragin handia izan du. Ikaragarrizko aberastasun hori laburtzen eta galtzen ari gara. Agian nire obsesioetako bat da aberastasun horri eustea.

Eta idatziz jasoa uztea?
Pixkanaka. Gakoetako bat da aberastasuna, eta bestetik, bizirik dagoen aberastasuna dela. Eta hori beste koxka bat harago doa. Horretaz irratian jabetu nintzen. Pertsona batek deitu eta landare izen bat esaten zuen eta ez genuen ulertzen. Hori eskolan bihurtzea gakoa da niretzat. Berak azaltzea zer landare den, nola esaten den eta ikastea. Pertsona horren mihian dabil hitz hori, ez dago hiztegietan fosilizatua. Hori jasotzeak esan nahi du balorean jarriko dugula hitza bera, hizkuntza bera, baina baita pertsona hori ere eta pertsona horrek dakiena. Gure kulturaren oinarria da. Pertsona eta hiztegi horri eutsi izan eta erabili eta erakusteko gai delako, bere autoestima indartzea, sustatzea, gakoetako bat da.

Irakurleen esku geratuko da argitalpena. Egileari zer utzi dio lan honek islatzen duen 25 urteko ibilbideak?
Niretzat, gauzok emozioak dira. Lan bat harago begiratu beharrekoa. Liburu hau landareei buruzkoa da baina batez ere hizkuntzari buruzkoa. Kontrazalean Gorka Arresek esaten du, sekula ez da botanikaz hainbeste idatzi. Hori hizkuntzan islatu nahi nuen. Liburuan irakurketa desberdinak proposatzen dira, baliabide desberdinekin; etiketak bilaketa errazak egiteko; hitz bereziak agertzen dira, aparteko indar bat emanez; artikulu bakoitzeko hitzen sinonimoak… Aipatzekoa da, diseinu aldetik Maitane Gartziandiagiak egin duen lan izugarria. Irudi sinple batzuk zenbateko indarra duten.

Argiaren mendeurreneko 25 urteko historiaren parte zara. Mendeurrenak ere zure ibilbide pertsonalarekin bat egiten du?
Oso garrantzitsua da halako gauzak ospatzea eta gogoratzea. Mendeurrenaren ospakizuna Iruñean hasi, batean eta bestean segi zen. Duzunaritzen liburu hau aurkezteko egunpasa egin genuen baserri batean. Bukaera Durangoko Azokan izango da bertan egingo diren beste ekitaldi batzuekin. Gauza hauek egin behar direla uste dut. Portzierto, laster dator NOAUA!ren 25. urtemuga ere.

Aurkezpena, abenduaren 12an Potxoenean
Jakoba Errekondoren argitalpen berriaz gehiago jakin nahi izanez gero biharko Usurbilen antolatu duen aurkezpen saiora joan besterik ez duzue:
Eguna: abenduak 12, osteguna.
Ordua: 19:00.
Tokia: Potxoenea.
Parte hartzaileak: Jakoba Errekondo eta artikuluen hautaketa lanetan parte hartu duten bi herritar; Antton Olariaga eta Joseba Tapia.
Izenburua: “111 hostoz eta orriz jantzi”.
Zehaztasunak: Jakoba Errekondok Argian 25 urtez landareei buruz idatzitako 1.111 artikuluetatik eremu anitzetako 22 pertsona ezagunek eginiko 111 artikuluren hautaketa.
Artikuluen hautatzaileak: Danele Sarriugarte, Beñat Sarasola, Amets Arzallus, Markel Lizasoain, Eneko Mitxeo, Onintza Enbeita, Estitxu Eizagirre, Leire Etxaide, Maialen Lujanbio, Harkaitz Cano, Idoia Torregarai, Koldo Almandoz, Pantxika Maitia, Joseba Tapia, Arantxa Iturbe, Andoni Egaña, Alex Mendizabal, Itxaro Borda, Xabier Montoia, Elixabete Garmendia, Sagrario Aleman, Anjel Lertxundi, Antton Olariaga.
Diseinua: Maitane Gartziandia.
Hitzaurrea: Sustrai Colina.