Zubietako erraustegia

LarrEKO Mahaiko eragile anitzek ere bat egin dute erraustegia geratzeko ostiraleko manifestazioarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 12a, 08:09

STEILAS, EHNE, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Greenpeace, LAB, GuraSOS, ELA, Etxalde, CCOO, Extinction Rebellion, Ernai, Eguzki eta OEIT- GEIS mediku taldea, eragile guztiok osatzen duten Larreko Mahaiak ere bat egin du Usurbilgo Udalak ostiralerako (abenduak 13) "SOS Usurbil, erraustegia geliditu!" aldarripean 19:00etan udaletxetik deitu duen manifestazioarekin.

Ingurumen larrialdiari aurre egiteko urrian aurkeztu zuten belaunadi artekoa eta transbertsala izango den LarrEKO Mahaiak biltzen dituen eragileek ere bat egin dute, probaldi fasean duten Zubietako erraustegia geratzeko Usurbilgo Udalak biharko (abenduak 13) deitu duen manifestazioarekin. "Bizi dugun krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin kezkatuak gauden Gipuzkoako hainbat eragileek" osatzen dute LarrEKO, biharko manifestazioarekin bat egin duten eragile guztiok: STEILAS, EHNE, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Greenpeace, LAB, GuraSOS, ELA, Etxalde, CCOO, Extinction Rebellion, Ernai, Eguzki eta OEIT- GEIS mediku taldea.

"Oso garbi daukagu: Gipuzkoan ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen ereduaren aldaketarantz herritarrak aktibatu eta presioa eragiteko jaio gara", iragarri zuten aurkezpenean. Neurri eraginkorrak aplikatzea exijitzeko lan egingo dute. Lehenengoa, "Gipuzkoako agintariek aldaketa klimatikoaren aurka dute konpromezua benetakoa den erakusteko honako neurriak hartu beharko zituztela: Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea, eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea hondakinen arazoari denen artean irtenbide egokiena bilatu ahal izateko". Bihar Usurbilen izango dira. 

ERRAUSTEGIA GELDITU!
Hasi da erraustegiko kea. Larreko Mahaia osatzen dugun eragile guztiok (STEILAS, EHNE, EAM, Greenpeace, LAB, GuraSOS, ELA, Etxalde, CCOO, Extinction Rebellion, Ernai, Eguzki eta OEIT- GEIS mediku taldea) ERRAUSTEGIA GELDITZEKO exijitzen dugu: isurtzen duen kea pertsonon eta ingurumenaren eta gure inguruko izakien osasunarentzako kaltegarria delako. Larrialdi ekologikoaren aurrean konponbidea baino, atzera pauso handia delako; kontsumorik basatienak eragindako ondorioak erraustu eta sortzen dugun kaltea desagertzen dela sinestarazi nahi digutelako... eta Gipuzkoan CO2 isuri gehien egiten dituenetako bat delako erraustegia. GELDITU EZAZUE!

Klima aldaketa geldiarazteko beste oztopo bat da erraustegia eta ezin da beste aldera begiratu.

Hamaika arrazoi daude eta ditugu bihar, abenduaren 13an, Usurbilen Erraustegia gelditzeko exijituz egingo den manifestaziora joateko. Larreko Mahaiak bat egiten du deialdiarekin eta Gipuzkoako jendartea bertara joan dadin animatu nahi dugu. 19:00etan Usurbilgo Joxe Martin Sagardia plazatik abiatuko da, etorri!