Manifestazioaren aurretik, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren agerraldia 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 13a, 09:44

Usurbilgo Udalak ostiral honetarako (abenduak 13) "SOS Usurbil, erraustegia gelditu!" aldarripean 19:00etan udaletxetik deitu duen manifestazioarekin bat egin duen eragileetako bat dugu Erraustegiaren Aurkako Mugimendua. Mobilizazioaren aurretik, "prentsaurreko garrantzitsua" iragarri du 18:30etan Potxoenean.

Usurbilgo Udalak "SOS Usurbil, erraustegia gelditu!" aldarripean ostiralerako (abenduak 13) 19:00etan udaletxetik abiatuko den manifestazioa antolatu du. Atxikimenduak biltzen ari da mobilizazioa; tartean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduarena. "Bat egiten dugu ostiralerako Usurbilgo Udalak deitu duen manifestazioarekin eta dei egiten dugu bertaratzera!", adierazi dute aipatu herri mugimendutik. 

Ostiraleko manifestazioaren harira, bi deialdi ere plazaratu dituzte. Batetik agerraldia iragarri dute mobilizazioa abiatu aurretik. "Egoeraz egiten dugun irakurketa gizarteratuko dugu prentsaurrekoan ostiralean 18:30ean Potxoenea kulturetxean. Zatoz!", luzatu dute gonbita. Horrekin batera, etxeko balkoi eta leihoetan zintzilikatzeko errausketaren aurkako banderolak salgai izango dituztela ere iragarri dute. "Ez onartu erraustegia. Sala dezagun egoera", deitu dute Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik. 

Albiste honi atxikia duzuen bideoarekin, gaurko manifestaziora bat egiteko gonbita luzatu dute.