Eragile anitzek bat egin dute gaurko manifestazioarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 13a, 09:34
Eragile anitzek osatzen dute urrian aurkeztu zuten LarrEKO Mahaiak.

STEILAS, EHNE, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Greenpeace, LAB, GuraSOS, ELA, Etxalde, CCOO, Extinction Rebellion, Ernai, Eguzki eta OEIT- GEIS mediku taldea, eragile guztiok osatzen duten Larreko Mahaiak ere bat egin du Usurbilgo Udalak ostiralerako (abenduak 13) "SOS Usurbil, erraustegia geliditu!" aldarripean 19:00etan udaletxetik deitu duen manifestazioarekin. "Erraustegia gelditzeko exijitzen dugu", diote kaleratu duten oharrean.

Ingurumen larrialdiari aurre egiteko urrian aurkeztu zuten belaunadi artekoa eta transbertsala izango den LarrEKO Mahaiak biltzen dituen eragileek ere bat egin dute, probaldi fasean duten Zubietako erraustegia geratzeko Usurbilgo Udalak biharko (abenduak 13) deitu duen manifestazioarekin. "Bizi dugun krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin kezkatuak gauden Gipuzkoako hainbat eragileek" osatzen dute LarrEKO, biharko manifestazioarekin bat egin duten eragile guztiok: STEILAS, EHNE, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Greenpeace, LAB, GuraSOS, ELA, Etxalde, CCOO, Extinction Rebellion, Ernai, Eguzki eta OEIT- GEIS mediku taldea.

"Oso garbi daukagu: Gipuzkoan ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen ereduaren aldaketarantz herritarrak aktibatu eta presioa eragiteko jaio gara", iragarri zuten aurkezpenean. Neurri eraginkorrak aplikatzea exijitzeko lan egingo dute. Lehenengoa, "Gipuzkoako agintariek aldaketa klimatikoaren aurka dute konpromezua benetakoa den erakusteko honako neurriak hartu beharko zituztela: Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea, eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea hondakinen arazoari denen artean irtenbide egokiena bilatu ahal izateko". Bihar Usurbilen izango dira. 

ERRAUSTEGIA GELDITU!
Hasi da erraustegiko kea. Larreko Mahaia osatzen dugun eragile guztiok (STEILAS, EHNE, EAM, Greenpeace, LAB, GuraSOS, ELA, Etxalde, CCOO, Extinction Rebellion, Ernai, Eguzki eta OEIT- GEIS mediku taldea) ERRAUSTEGIA GELDITZEKO exijitzen dugu: isurtzen duen kea pertsonon eta ingurumenaren eta gure inguruko izakien osasunarentzako kaltegarria delako. Larrialdi ekologikoaren aurrean konponbidea baino, atzera pauso handia delako; kontsumorik basatienak eragindako ondorioak erraustu eta sortzen dugun kaltea desagertzen dela sinestarazi nahi digutelako... eta Gipuzkoan CO2 isuri gehien egiten dituenetako bat delako erraustegia. GELDITU EZAZUE!

Klima aldaketa geldiarazteko beste oztopo bat da erraustegia eta ezin da beste aldera begiratu.

Hamaika arrazoi daude eta ditugu bihar, abenduaren 13an, Usurbilen Erraustegia gelditzeko exijituz egingo den manifestaziora joateko. Larreko Mahaiak bat egiten du deialdiarekin eta Gipuzkoako jendartea bertara joan dadin animatu nahi dugu. 19:00etan Usurbilgo Joxe Martin Sagardia plazatik abiatuko da, etorri!

GuraSOS
"GuraSOSek dei egiten die Gipuzkoako familiei ostiraleko manifestazioan parte har dezaten, gaur egun gizakia eta natura 35 urteetarako CO2 eta isurketa kutsakorrak jasatera kondenatzea onartezina dela  adierazteko. Are gutxiago, beste alternatiba ez kutsakorrak daudenean", nabarmendu du, erraustegiak haien seme-alaben edo biloben osaunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldetik.

Greenpeace
Greenpeace Euskadik ere bat egin du biharko mobilizazioarekin; "ostiralean denok Usurbilen egingo den manifestaziora!".

Eguzki
Eguzki Euskal Herriko Talde Ekologista eta Antinuklearrak ere bat egin du mobilizazioarekin. "Eguzkiko kideok manifestaziora joateko asmoa dugu. Gure ustez, aukera ona da erraustegia salatzeko, noski, baina baita ere Madrilen ospatzen ari den COP25 edo Klimaren inguruko Goi Bilerari edo “gailurra”ri ekarpentxo bat egiteko. Izan ere, aspaldi ikasi genuen globalean pentsatzea eta lokalean ekitea txanpon beraren bi aldeak direla". Hartara diotenez, "ostiralekoa erraustegiaren aurkako hitzordua da, baina, nolabait esateko, Madrilgo COP25 ere Usurbilen egongo da".

Eguzkik ohartarazten duenez, "erraustegia martxan jartzen bada, datozen urteetan Gipuzkoan berotegi-efektuko gas-iturririk nagusietako bat izango da. Gauzak horrela, krisi klimatiko globalaren aurrean suminduta agertzea baina erraustegiaren aurrean beste alde batera begiratzea kontraesana litzateke. Kontraesan horretan eroso sentitzen dira gobernatzen gaituzten politikariak. Haiek, etengabeko “greenwashing” kanpaina batean murgilduta, gauza bat esan dezakete eta oso bestelako bat egin. Baina guk ez dugu uste krisi klimatikoak zinez kezkatuta daudenak kontraesan horretan eroso egon daitezkeenik".

Atxikimendu gehiago
Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, Usurbilgo Udalak deitutako manifestazioarekin bat egin dute baita Lasarte-Oriako EHBildu eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek. Andoaingo Ipar Haizea erraustegiaren aurkako herri plataformak ere bat egin du hitzorduarekin. "Zatoz eta esan ozen ezetz erraustegiari!", adierazi dute.