Manifestazioaz gain, gutunak Gipuzkoako alkateei, xingola beltzak eta Ahaldun Nagusiarekin biltzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 13a, 09:29

Usurbilgo Udalak gaurko (abenduak 13) "SOS Usurbil. Erraustegia gelditu!" aldarripean deitua duen manifestazioa (19:00etan udaletxetik) azaroaren 28an egin zen udalbatzarrean onartu zuten adierazpenean du jatorria. Hantxe iragarri zuten gaurko mobilizazioa eta ekimen gehiago.

Tartean, Udalak balkoian eseki bezala, herritarrak etxeko balkoi eta leihoetan xingola beltzak jartzera deitzen zituzten. Horrekin batera, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin biltzea galdegingo zutela eta Gipuzkoako alkateei gutun bana helaraziko zitzaiela ere aurreikusten zuen.

Ahaldun Nagusiari bilera eskera bideratzearekin batera, gutun bana helarazi die jada Usurbilgo alkateak Gipuzkoako gainerako udaletako alkateei, mezu argi batekin; "Alboan behar zaituztegu. Gure herria larrialdi egoeran dago eta SOS mezu bat igortzen dizuet". Erraustegia geratzeko ostiralerako deitu duten manifestazioarekin (19:00etan udaletxe ataritik) bat egin eta erraustegiaren gaia udalbatzarretara eramatea galdegin die Agurtzane Solaberrietak. Hemen aipatu gutuna osorik:

GIPUZKOAKO ALKATEEI HELARAZITAKO GUTUNA
Alkate estimatua:

Ondo dakizu herri baten egunerokoan zenbat gorabehera sortzen diren. Alkatetzak, poz eta esker oneko uneekin batera, buruhausteak ere ekartzen dizkigu. Horregatik, karguaren konplizitateak elkar ulertzea erraztuko duelakoan, zuregana zuzentzen naiz nire kezka azaltzera.

Lehengo ostegunean probaldi fasean jarri zuten Zubietako errauste-planta, hain justu, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu zuen egun berean. Egunotan Madrilen bildu dira munduko agintariak, larrialdi klimatikoari aurre egiteko politika zehatzak zehazteko. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Oso kezkatuta gaude, egunero errauste-plantaren tximinietatik ateratzen diren ke-zutabe erraldoiak ikusten ari baikara, beheko irudian ikusiko duzun bezala. 8 urteko alabak egunero galdetzen dit: “Ama, zergatik egin dute? Txarra da?”. Herriko haurrek duten kezkaren isla da.

Zubieta, argitu dezagun, udalerri izaerarik ez duen herrixka da. Administratiboki bitan banatuta dago: parte bat Donostiaren menpekoa da, eta bestea Usurbilen menpekoa. Geografikoki Oria ibaiaren ertzean dago, eta Lasarte-Oriako eta Usurbilgo herriguneak ditu gertuen. Donostiako erdigunea hamar bat kilometroko distantziara dago.

Errauste-plantaren proiektuak izan dituen gorabeheretan ez naiz sartuko, baina uste dut arazo etiko, demokratiko, ekologiko eta ekonomiko latz baten aurrean gaudela. Inork ez du aldamenean nahi, eta, hala ere, derrigorrean egin beharrekotzat saldu zaigu.

Dilema etiko horrek dimentsio latza hartzen du errauste-plantak eragiten dituen osasun- eta ingurumen-kalteak aintzat hartuz gero. Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, errauste-plantaren osasun-kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Berriki, Zubieta Lantzen elkarteak, errauste-planta martxan jarri aurreko azterketa zientifiko bat egin du. Kutsagaiak neurtzen hasteko, bi ikerketa-lerro zabaldu dituzte, errauste-plantaren zero gunetik hurbil dauden herrietan; oilategietan laginak hartu dituzte, dioxinak neurtzeko, eta Usurbil, Lasarte-Oria zein Andoaingo ama taldeek bularreko esnea eman dute aztertua izan dadin. Azterketa hauek martxan jarri aurretik eta martxan jarri ondorengo urteetan errepikatu nahi dituzte. Ikusteke, beraz, zer dioten, gure kasuan. Administrazio publikoaren ardura euren gain hartu dute herritarrek, eta, zentzu horretan, bada txalotzekoa eta azpimarratzekoa euren jokabidea. Errauste-plantak eragin dezakeen kezkaren beste adibide bat baino ez da.

Izango da ikerketa horiei sinesgarritasuna kentzen dienik (gainera, ez dugu zertan denok iritzi bera eduki), baina, osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik.

Osasunak eta ingurumenak kezkatzen nau gehienbat, gaurko eta biharko herritarrek jasan dezaketen eragina eta ondorengo belaunaldiei utziko diegun mundua. Ardura instituzionala dugun guziok dugun kezka izango dela ulertzen dut. Ez dut dudarik.

Aitortuko dizuet, edonola ere, ez dela kezka bakarra, proiektu honetaz ari garelarik. Beste bi alderdik ere arduratzen naute: batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handiak eta horrek udaloi eragingo diguna; bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herritan abiatutako hondakin tratamendurako bide jasangarriari muzin egiteak. Alderdi humano, sozial, ekologiko, eta ekonomikotik begiratuta, atzerapauso izugarria da errauste-planta martxan jartzea.

Gipuzkoako gizartea egunez egun erakusten ari da ez dela behar halako azpiegiturarik. Hainbat herritako birziklatze-tasak Gipuzkoa osora estrapolatuz gero, kitto, bukatuta legoke eztabaida. Garbi dago, beraz, zein den bidea. Horregatik, zentzu betea du herrian entzuten den esaldi honek: “Burua duenak ez du ondoan nahi eta bihotza duenak ez du inon nahi.”

Azken batean, hondakinak kudeatzeko dugun moduak eta, zer esanik ez, dilema etiko, demokratiko eta ekologiko baten aurrean hartzen dugun jokabideak, garbi islatzen dute zer garen, nolakoa den gure izaera kolektiboa.

Horiek horrela, hauxe da egin nahi dizudan eskaera:

Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, karguak ematen digun konplizitateaz, Zubietako errauste-plantaren gaia zure herriko udalbatzarrera eramatea. Nahi nuke itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan ematea. Halaber, ostegunean izan genuen udalbatza saioan hartu genuen erabakiaren berri emateko baliatu nahi dut gutun hau: egoerarekin kezkatuta eta larrituta, Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako manifestazioa deitu du eta zuk ere bat egiteko eskatu nahi dizut. Alboan behar zaituztegu. Gure herria larrialdi egoeran dago eta SOS mezu bat igortzen dizuet.

Besterik gabe, jaso ezazu nire agurra eta esker ona.

______________________________________________________________________________________________________


EHBILDUREN MOZIOA
Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu duen egun berean jarri dute probaldi fasean Zubietako errauste-plana. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Tamalez, gaurkoa egun beltza eta tristea da, usurbildarrontzat. Zubieta gainetik egun osoan zehar ikusi dugun ke etengabea da horren adierazgarri. 

Diogun bezala, gaurko egunez, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratzeko ebazpena onartu du, eta ekintza zehatzak egiteko eskatu die Europako Batzordeari, estatuei eta instituzioei. Gipuzkoako instituzioak, haatik, bistan da kontrako norabidean ari direla. Gaurko irudiak dena esaten du. Eta, tamalez, biharkoak, etzikoak, etzi damukoak... hala erakutsiko du, honi konponbiderik eman ezean.

Eta, konponbidea egon, badago, usurbildarrok erakutsi dugun bezala. Usurbildarrok erakutsi dugu osasuna eta ingurumena aintzat hartuz, posible dela hondakinak kudeatzea. Gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat egin genuen duela 10 urte usurbildarrok, eta, gaur egun herrian sortzen den hondakinen ia %90 gaika biltzen dugu. Apenas sortzen dugu errefusik. Eta, zorionez, asko dira bide hori hartu duten Gipuzkoako herriak. Usurbil eredu da, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Eredugarritzat dute Usurbil 0.0 hiri hondakinak kudeatzeko udal honen plangintza. Kanpoan eredu dena, hemen zergatik ez?

Gainera, adituek diote gaur egun Gipuzkoan birziklatzen denarekin, eta, are, Diputazioak berak PIGRUG berrituan ezarri dituen birziklatze-helburuak aintzat hartuz, Gipuzkoak ez duela errauste-plantarik behar. 

Munduan erreferentziazkoak diren hainbat erakundek,  errauste-plantek jendearen osasunean eragiten dituzten kalteez ohartarazten gaituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak ohartarazpen hauei jaramonik egin ez, eta Usurbilgo herritarrei batere azalpenik eman gabe proiektuarekin aurrera jarraitzeko erakutsi duen jokabidea larria iruditzen zaigu.

Osasuna gauza serioa da. Eta zentzu horretan, errauste-planta, gure baliorik preziatuenaren aurkako mehatxutzat bizi dugu usurbildar askok.

Kezkatuta gaude, bai. Horregatik, EHBilduk, honako hau eskatu nahi dio Usurbilgo udalbatzari, urgentziazko mozio honen bidez, 

1) Erraustegiak usurbildarroi eragin digun kezkaz eta erraustegiak herritarren osasunean eragin dezakeenaz hitz egiteko, Gipuzkoako ahaldun nagusiari biltzeko eskaera luzatzea.
2) Alkateari eskatzea Gipuzkoako alkate guztiei eskutitza bidal diezaiela, non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien.
3) Usurbilgo udaletxeko balkoian xingola beltz erraldoi bat zintzilikatzea, protesta modura. Halaber, usurbildar guztiei gauza bera egiteko deia luzatzen diegu.
4) Usurbilgo Udalak dei egiten die usurbildar guztiei abenduaren 13rako antolatuko duen manifestazioan parte hartzera. 19:00etan, Joxe Martin Sagardiaren plazan.

Usurbilgo EHBildu