Zubietako erraustegia

Usurbilek eginiko SOS deiak, ehunka lagun batu ditu erraustegiaren aurka

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 14a, 16:33

"Alboan behar zaituztegu" SOS mezu honekin deitu duen Usurbilgo Udalak aste hasieran, ostiral iluntze honetan herriko kaleak zeharkatu dituen manifestazioa. Eta jendeak erantzun du, eta nola gainera. Ehunka lagunek probaldi fasean martxan den erraustegia geratzea exijitu dute Usurbilgo kaleetan.

Udaletxe atariko Joxe Martin Sagardia plazatik abiatu da "SOS Usurbil. Erraustegia gelditu" aldarria zeraman manifestazio jendetsua. Manifestazioaren buruan, Usurbilgo udal gobernu taldeko EHBilduko kideak, udal ordezkari politiko bakarrak. Manifestazio hau eta abian jarri dituzten ekimen gehiagoren (gutunak Gipuzkoako alkateei, xingola beltzak jartzea, Ahaldun Nagusiari biltzeko eskatzea...) sustatzaile bakarrak. Gogoan izan, azaroaren 28ko udalbatzarrean onarturiko mozioan deitu zutela gaurko manifestazioa. Adierazpen haren aurka agertu ziren EAJ eta PSE. 

Haserrea agertu dute erraustegia piztea erabaki duten aipatu bi alderdiotako agintari politikoekiko. Ernai gazte mugimenduaren izenean pankarta bat ikusi ahal izan da, "PNV herriak ez du barkatuko. Utzi bizitzak kutsatzeari" zioena. 

Aipatu moduan udaletxetik abiatu eta Kaxkoari itzulia eman dio mobilizazioak frontoira heldu arte. Bidean, etengabekoak izan dira erraustegiaren aurkako oihuak, "ez erre gure hondakinak", "Olano entzun, ez Zubietan ez inon" zioten aldarriak.