87 udalerri eta 250.000 biztanleko lur eremua osatzera igaro da UEMA, gaur Sutegin egin duen Batzar Nagusian

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 14a, 08:15

Usurbilgo herria ere kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) batzar nagusia ospatu du larunbat goizean Sutegin. Tolosaldeko Alkiza batu da gaurkoan Mankomunitatera. Amaieran, ondoko argazkia atera dute kide diren udalerrietako ordezkariek Mikel Laboa plazan. 

Gaur arte 86 udalerri euskaldunez osatua zegoen UEMA, larunbat honetatik beste bat erantsi zaio zerrenda luzeari: Tolosaldeako Alkiza. Alkizak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko egina zuen eskaera onartu du, aipatu bilguneak gaur goizean Sutegin egin duen batzar nagusian. Guztira honenbestez, jada 87 dira UEMA-ko kide diren udalerriak eta denek 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dutela gogorarazten du Mankomunitateak. Bertako kidea da baita Usurbil. 

Arnasgunea izan arren, Alkiza "ez dago euskararen normalizazioak dituen desafioetatik libre", bertako alkate Iñaki Irazabalbeitiaren esanetan. Horren lekuko, 1996an %96,9koa zela euskaldunen indizea, 2016an 5,6 puntu murritzagoa, %91,3koa. UEMAko kide izanda, egoera iraultzeko eta euskararen biziberritzeari hizkuntza politika sendo eta bateratuekin ekiteko asmoa adierazi du Alkizako Udalak, UEMA-tik berri eman dutenez.

Balantzea
Alkiza UEMAn txertatzeko eskaera onartzeaz gain, urte amaierako balantzea egin du mankomunitateak Sutegiko batzarrean. Hainbat erakunde publikok abiarazi eta euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzea sustatzen duen "Arnasa gara" kanpaina nabarmendu dute. Ahotan hartu dute baita EAEko Udal Legea geratzeko dekretua. "Horrek udalei hizkuntza politikarako eman dizkien eskumenak, eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko beharra legeak bermatu izana", UEMA-tik aditzera eman dutenez.

Horrekin batera, arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua ere nabarmendu dute. "Proiektua berritu eta osatu izana, unitate didaktiko eta bideo berriekin, eta horiek guztiak eskolentzako uema.eus/hezkuntza webgunean bildu izana". 

Euskararen erabilera indartzeko udal planak ere gorapaitu dituzte; eredutzat hartu dute Gabiriako Udalarena. 

Informazio gehiagorako: uema.eus