Usurbilek artearekin duen loturaren isla, Judas Arrietaren frontoi atzealdeko mural margotu berria

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 14a, 15:34

Kulturari, arteari, sormenari eskainitako txoko berri bat du Usurbilek. Herriak duen artelanen sarera batu da larunbat goiz honetako Harria Hitz ibilbide gidatuan aurkeztu duten Judas Arrietaren sortze lana.

Usurbilgo Udalaren enkarguz, hondarribiar marrazkigileak margotutako mural koloretsua frontoi atzealdean duzue ikusgai. Gaurko aurkezpenean bertan sinatu du bere sortze lana egileak. "Usurbil hartu dut, filtratu dut, nire gorputzetik pasa eta hau da atera dena", Arrietak zioenez. 

Egiteko modua, txertatu dituen elementuak, baliatu dituen teknikak... Horren guztiaren nahasketa bat da Judasen sortze lana. Edukiari erreparatuta, "Usurbil herria deskribatzen duten elementu batzuk agertzen dira". Sagardoaren kulturari lotutako kupela, sagar loreak, ardiak, dantzarien abarkak, txalaparta, Laboaren kitarra, Zumeta eta sortzaile gehiagok sortu zuten Gaur mugimenduaren omenez izena bera marraztua...

Herriko beste muralekin hartuemanetan jartzen duten elementuak ere txertatu ditu Arrietak. "Ez dakizu muraleko elementu bat hor zegoen edo beste norbait etorri eta gehitu duen". Graffitia ote den, pintada bat... "Kalean aurkitzen ditugun adierazpen guztiek aberastu eta deskribatzen dute gure herria. Hormetan aurkitzen ditugun elementu guztiak dira herriaren islada eta hori ordezkatzen saiatu naiz. Niretzat luxu handia izan da halako euskarri izugarri handia eta polita izatea". 

Hormak irakurtzen jakitea
Mural honen jatorria, Judasek Usurbilgo gaztetxoekin egindako tailer batean dago. Tailer hartan, herriko hormetan gertatzen zenari buruzko hausnarketa sustatu nahi zuen. "Hori irakurtzea, ikastea. Herriko muralak, graffitiak eta pintadak bereiztea, bereiztea zer den legezkoa eta legez kanpokoa. Belaunaldiz belaunaldi herritarrok paretak gure kezkak, protestak adierazteko erabili izan ditugu. Oso garrantzitsua da hori irakurtzen jakitea". 

Teknika ezberdinak baliatu ditu sortze lan honetan; "graffitiekin lotutako espraiak daude, muralismoarekin lotuagoak dauden pintura akrilikoak eta pintadekin lotutako errotulkiak". Kultura desberdinen eraginen isla ere bada murala. "Beti erabiltzen ditut kultura ezberdinetako elementuak eta horiek elkartuz sortzen da armonia, aberastasuna". Bere zigilu propioa erantsi dio Usurbilgo elementu adierazgarriei. "Komiki amerikar eta japoniarreko elementuak agertzen dira eta elementu horiekin guztiekin elkarrizketa bat sortzen da". 

Kokaguneari erreparatzen badiogu, frontoi atzealden duzue murala aipatu moduan. "Aukera polita da aurkitzea halako herri bat non arteak bere garrantzia duen". Estudioko marrazkilaria izanik, argi dio, "arteak leku guztietan egon behar du, ez bakarrik estudio edo galerietan, gehienbat kalean gure egunerokotasunean, soinu banda baten moduan".

Udarregi bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk sortutako eskulturaren parean dago Judasen murala. "Gune honi hondarribitarren txokoa deitu beharko diozue aurrerantzean", bi artistak aipatu Bidasoa ertzeko herrikoak baitira.

Tamaina ikusita, argi zioen, pasealeku baten alboan kokatuta, "halako obra bat ikusteko, hausnarketa on bat egieko denbora behar da. Dugun egunaren arabera, gauza desberdinak aurkituko ditugu muralean", iragarri digu. 

Helburu jakin batekin sortu du murala. "Artearekiko herriaren jarrera zein den islatzea zen helburua eta inguruetako muralekin loturak bilatzea". Islatzen den horrez gain, herrian artea zabaltzea oso aberasgarritzat jotzen du Judasek, batetik, hormak birgaitzeko baliagarria baita, "murala margotu baino lehen, pareta hori egokitu eta berritzen da". Lehen graffiti eta pintadez betea zegoen frontoi atzealdeko hormarekin Udalak egin duen moduan.  Modu horretan, "herria txukuntzen dugu eta beste turismo mota bat sortu, gainerako herrientzako eredu izan daitekeen beste era bateko bisitariak erakarriz".

Agurtzane Solaberrieta: "Usurbilek eta arteak zer nolako lotura duten erakutsi nahi genuen""
Turismo eredu jakin baten adierazgarrietako bat baita Judas Arrietaren murala. "Guretzat turismoak izan behar du hartuemaneko ekintza bat, elkar ezagutzeko ekintza interaktibo bat, elkar aberasteko balio behar duten ekintza bat", zioen goizeko aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta alkateak. Alde horretatik, alkatearen esanetan, "guretzat Usurbilek badu munduari zer erakutsi; kultura, artea, gure hizkuntza den euskara... Gure herri nortasunaren parte diren balio horiek guztiak". 

Judasen murala turismo eredu horren isla da. Harria Hitz ibilbide gidatuarekin egiten duten moduan, "Usurbilek eta arteak zer nolako lotura duten erakutsi nahi genuen", zioen Solaberrietak. 60. hamarkadako kultur eztandaren lekuko da Usurbil, "Usurbilgo kaleetatik buelta bat ematea aski da zer altxor dituen, gure herrian zer nolako artista handien lanak ditugun ikusteko". Hori azpimarratzearekin batera, garrantzitsutzat jotzen du Udalak "zer garen azpimarratzea ere. Gaur egun, artistei ere toki bat egiten jarraitu nahi dugu eta Harria Hitzek ere horiei guztiei lekua egitea nahi genuke".