Auto-ilara luzeak N-634 errepidean, Donostiako noranzkoan

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 16a, 13:26

Autoak geldirik, ilara luzea Donostiarako noranzkoan. Hauxe da, N-634 errepideak astelehen eguerdi honetan Troia inguruan zuen itxura.

12:30ak pasatxoan jakinarazi diote NOAUA!ri auto-ilara luzeak zirela Usurbil zeharkatzen duen N-634 errepidean. Troiara hurbildu eta ondoko irudia jaso ahal izan dugu. Donostiarako noranzkoan ibilgailuak geldirik, batzuk buelta eman eta Usurbil alderako bidea hartzen... Badirudi istripua gertatu dela, Troia-Txikierdi artean. 

Troiako pasabidea, seguruagoa izateko egokitzen
"Puntu beltzik ez" herri plataformak herritarron segurtasunerako gune arriskutsu bezala identifikatua zuen Troiako pasabidean hobekuntza lanak egiten dabiltza asteotan.

Ikusiko zenuten egunotan. N-634 errepidera irten eta Troia paretik igaro bazarate autoz, bizikletaz edo oinez Zubieta edo Lasarte aldetik etorri nahiz inguruotara joateko aipatu pasabidea zeharkatu baduzue jabetuko zineten. Azken asteotan bertan hainbat lan egiten ari dira eta lanok jada itxura nabarmena hartzen hasiak dira.

Zonalde honetara heltzear zaretela, 50 kilometro ordutik gorako abiaduran gidatzeko debekua ohartarazten duten seinale bana kokatu dituzte N-634 errepideko bi noranzkoetan. Troiatik Kalezar aldera igotzeko aldapa hasten den errepidearen aldean, Donostia aldera nahiz Usurbil aldera doazen ibilgailuen joan etorria kudeatuko duten semaforoak. Itzaliak daude oraindik. Eta une oro errepidea zeharkatzea baimendu edo debekatuko duen oinezkoentzako semaforo bana errepidearen bi aldeetan. Trenbide aldeko semaforoa jarri duten gunean gainera, espaloia ere eraiki dute. Argi denez, oraindik lanak guztiz amaitzeke dituzten arren, begi bistakoa da datorkigun aldaketa.

2018ko martxoan jendaurrean aurkeztu zutenetik "Puntu beltzik ez" herri plataformak behin baino gehiagotan salatu zuen pasabide honen arriskua. Egunerokoan, hamaika oinezko nahiz bizikleta erabiltzaileek baliatzen dute pasabide hau. Arrisku bikoitza izaten dute; N-634 errepidea eta trenbidea. Trenbideko pasabidea seguruagoa izateko hobekuntza lanak egin zituzten, barrerak jarri zizkioten. Troia parean, errio ertzean ere lanetan ari dira. 

Usurbil seguruago eta jasangarriagoaren alde
Ingurune seguruagoa izateko eskaerak ez dira gaurkoak. Azkenekoz, 2018ko urria hasieran herria zeharkatu zuen pentsiodunen martxak N-634 errepidea moztu zuen protesta gisara. 2018ko martxoan jendaurrean aurkeztu zuten "Puntu beltzik ez" plataformak bestalde, herrian zeuden hainbat puntu arriskutsuen artean jaso zuen Troiako pasabidea. Usurbil seguru eta jasangarriago baten alde lan egiteko sortu zen aipatu herri bilgunea.