Xua Gurasoekin Etxera

Xua Gurasoekin Etxera, Batzar Nagusietan: "Gure eskaera modu onean kontuan hartua izan da"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 16a, 14:50

"Gure mezua entzuna izan da, gure ustean gainera modu onean kontuan hartua izan da". Balorazio baikorra egin du Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak, goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian eragile politikoengandik jaso duten erantzunaz.

Aitor Landaluze usurbildarrak egin ditu adierazpenak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Batzordean "Xua Gurasoekin Etxera" herri plataformak egin duen agerraldiaren ondotik. "Gure mezua entzuna izan da, gure ustean gainera modu onean kontuan hartua izan da", adierazi du Landaluzek. 

EHBildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Gipuzkoa taldeen babesa jaso dute, PPrena ez. Agerraldia zen gaurkoa, baina Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenekoen eskaerak Gipuzkoako Batzar Nagusien hurrengo osoko bilkurara eramango dituzte. Urtarrilaren 8an egingo duten plenora hain zuzen. "Gure eskaera bertan aurrera ateratzea espero dugu", adierazi du Landaluzek. 

Manifestazioa abenduaren 28an
Osoko bilkura horren aurretik, Sarek eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak manifestazioa deitu dute Donostian, abenduaren 28an. 12:00etan Bulebarretik abiatuko den mobilizaziora joatea eskatu dute, gaurkoa "ez da eta nahikoa, azken finean Xua gurasoekin etxeratzeko giltza ez dago egoitza honetan. Ondo dago politikariek beraien iritzia eman eta gai honekiko duten jarrera adieraztea, baina argi dagoena da kalean ez badugu eskaera hau zabaltzen, jai dugula". 

Horretara dator hilabete amaierako Donostiako manifestazioa. "Euskal Herriko 105 haur motxiladun haur eta gazteen alde eta beraiekin batera elkartuko gara. Eskertuko genuke manifestazio jendetsua izatea eta eskaera hau ere gure politikarien agendan garbi agertzea. Ahalik eta manifestazio koloretsu eta alaiena izango da". 

Atxikimendu zerrenda luzea
Hedabideei adierazpenok egin aurretik, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimeneko ordezkariak, Batzar Nagusietako bileran parte hartu du. Talde politikoei adierazi dienez, "gure herritik kanpora jotzen ari gara egoera hau aurkeztu eta atxikimenduak lortu nahian. Adierazi nahi dut jada pilo bat lortu ditugula. Are gehiago, esango nuke, inor ez dela ausartu, kontrakorik esan edo zalantzan jartzera". 

Ildo horretatik zioenez, "eskertzekoa da  hona etorri eta sintonia berdineko mezuak entzutea, pentsamendu, ohitura edota bizipen ezberdinak ditugun pertsonengandik. Zorionekoa da".