Hitzaldia 18:00etan Sutegin, Gipuzkoako pentsiodunen elkarteko lehendakari Jose Agustin Arrietarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 17a, 10:31

Pentsioak hizpide astearte honetan (abenduak 17) Usurbilen. Gipuzkoako pentsiodunen elkarteko lehendakari Jose Agustin Arrietak hitzaldia eskainiko du 18:00etan Sutegin, Gure Pakea Elkarteak gonbidatuta.

Pil-pilean da pentsio eta bizi duinen aldeko aldarria. Bizi asko. Gaia hitzaldi baten bidez plazaratuko du astearte honetan (abenduak 17) 18:00etan Sutegin. AGIJUPENS-ek eta Gure Pakea Elkarteak antolatuta, Gipuzkoako pentsiodunen elkarteko lehendakari Jose Agustin Arrietak hitzaldia eskainiko du. "Aztertuko diren gaien interesa dela eta, eskertuko da zuen presentzia", adierazi dute antolatzaileek.

Dakizuenez, urtarrilaren 30erako lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko greba orokorra deitu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bildutako eragileek. Egun horri begira pentsiodunen mugimendua mobilizatzen ari da hilabeteotan. Azaroan hiriburuetan manifestazioak antolatu zituzten. Berriki, abenduaren 12an eta 16an, Gasteiz eta Iruñeako parlamentuetan elkarretaratzeak egitekoak zituzten. Ohar honekin azaldu zuten hitzorduon zergatia:

1080 euroko gutxieneko pentsioen alde, denok Gasteizera
Abenduaren 12an Euskal Parlamentuan eta abenduaren 16an Nafarroakoan, pentsiodunok bilduko gara batez ere gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzea eskatzeko, Estatuko Gobernuak bermatu arte gutxieneko pentsioaren 1.080 euroak, hau bideratzeko behar hainbat baliabide ekonomiko badaudelako. Euskal Autonomia Elkargoan, aurrekontua 11.700 milioikoa da eta 52 milioirekin posible da (DSBE) Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez gutxieneko pentsioak hilean 1.050 eurora arte osatzea.

Asko gara miseriazko pentsioak kobratzen ditugunak, prekarietate egoeran bizi garenak, oinarrizko beharrak bete ezinik. Baina nola bizi liteke XXI. mendean hilean 1.000 euro baino gutxiagorekin janaria, argia, garraioa eta abar ordaindu behar izanda?

Guk uste dugu Gobernuaren betebeharra dela pertsonek bizi duin baten baldintzak izateko aberastasunaren banaketa zuzen baten baldintzak sortu behar lituzkeela. Posible al da pertsona batek eskubide horretaz gozatzea mila euro baino sarrera txikiagoarekin?

Itxurazko pentsio bat kobratzea edonoren eskubidea da, eta horrexegatik daramatzagu 22 hilabete kalean, lehentasuna pertsonak daukala adierazteko. Gobernuek ez lukete abandonatu behar populazio zaurgarriena, beraz, ez ditugu onartuko gure etsipena besterik nahi ez duten diskurtso faltsuak.

Pentsiodunok ondotxo dakigu inoiz ez dugula ezer lortu borrokarik gabe, eta borrokan jarraituko dugu gure eskariak EAE-k, Nafarroak eta estatuak beren gain hartu arte. Ez gara pentsiodunen etorkizuna bakarrik jokatzen ari, baita gizartearen gehiengoarena ere. Horregatik, ba, denok animatzen zaituztegu abenduaren 12an Euskal Parlamentura joan zaiteztela, 1.080 euroko gutxieneko pentsio baten alde, eta urtarrilaren 30ean herritar mobilizazio handian parte har dezazuela, gizarteko beste sektore guztiekin greba eginez.

Nornahik gobernatu, pentsioak defendatuko ditugu
Pentsiodunak aurrera