Alkatearekin solasean

“Zumarteko obrek uztailaren 17rako amaituta egon behar dute”

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 18a, 13:21

Agurtzane Solaberrieta alkateak gidatzen duen udal gobernu taldeak sei hilabete egin ditu agintean. 2020ko udal aurrekontuak bideratu berritan,  pil-pilean diren kontuez galdezka hurbildu gara udaletxera. Aste honetako NOAUA!n irakurriko duzue elkarrizketa osorik. Hau lagin bat baino ez da.

NOAUA! Musika Eskola berreraikitzeko lanak uste baino gehiago luzatu dira. Ikasleak eta irakasleak, noizko itzuliko dira berriro Zumartera?

Agurtzane Solaberrieta: Obra hau nahi baino gehiago ari da atzeratzen. Pentsa, abuztuan amaituta behar zuten. Aldiz, obra hasi eta berehala sortu ziren desadostasunak kontratista edo enpresa eraikitzailea eta obra zuzendaritza zein udalaren artean. Halaber, egia da obra zaila eta konplexua dela, birgaitze bat den aldetik, eta halako obretan bertan izan arte, ez da jakiten zein den eraikinaren egoera zehatza. Horregatik, proiektuan aurreikusi gabeko lan berriak egin behar izan dira eta horrek prezio berriak sortzea eragin du. Edonola ere, prezio horiei dagokionez, oso ikuspegi ezberdinak egon dira eta askotan blokeoak ere eragin ditu. Obra atzerapena zerk eragin duen eta noren ardura ote den ere muturreko errelatoak zeuden eta atzerapen horregatik kalte-ordainak eskatzeko aukera ez genuen baztertzen, ez guk ez Moyuak.

Epaitegietako bidea hartzea ere ez zen baztertzen, horrek suposa zezakeen guztiarekin. Beraz, oso momentu kritikoan hartu genuen gaia, ez aurrera ez atzera, urtebeteko atzerapenarekin eta ataka zail horretatik ateratzeko bideari ekin genion. Ahal zela, epaitegietako bidea baztertu, eta obrak martxa onean jarriko zuten akordio bat proposatu genion Moyuari. Ulertzen genuen akordio horrek honako hiru gai hauek barnebildu behar zituela: obrak amaitzeko epea; atzerapenak eragindako kalte-ordainak; eta, muga ekonomikoa. Hala, horren bueltan negoziazioak hasi genituen, eta esan behar dut duela gutxi itxi dugula akordioa. Horren arabera, prezio itxi bat adostu dugu eta obrak uztailaren 17rako amaituta egon behar dute. Gure helburua beti izan da datorren ikasturtea han hastea eta lortu dugu. Pozik nago lortutakoarekin. Zaila zegoen gaia baina norabide onean jartzea lortu dugulakoan nago. Beti herri-interesei eta interes orokorrari begira aritu gara.