Alkatearekin solasean

“Udal aurrekontuan oposizioaren ekarpenak jasotzeko ahalegina egin dugu”

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 18a, 14:16

Udal gobernu taldeak 2020ko aurrekontua lantzen pasa ditu azken hilabeteak. EAJk hiru proposamen egin zituen, "eta hirurak txertatu ditugu 2020ko aurrekontu-proiektuan". Dena den, bozketa garaian, PSE eta EAJ abtentzioaren aldeko bozka eman zuten. "Pena dut", aitortu digu Agurtzane Solaberrietak. "Legealdia adostasun handiak lortuz has gintezkeen, Usurbilen mesedetan".

NOAUA! Udal aurrekontuekin okupatu samar ibili zarete azken hilabeteotan, ezta?

Agurtzane Solaberrieta: Azaroko osoko bilkuran onartu genituen, EHBilduko udal-gobernuaren aldeko botoekin. EAJ eta PSE abstenitu egin ziren. PSEren jarrerak ez gintuen harritu, aurrez zinegotziarekin izandako bileran aurreratu zigulako bere bozka, nahiz eta aurrekontuak, oro har, begi onez ikusi. Haatik, EAJren jarrerak tristatu egin nau, eta, aitortu behar dut mindu ere, abstentzioa justifikatzeko erabili zituzten argudioak entzunda. Justifikaezina zena nolabait justifikatu behar zuten.

Aurrekontu-zirriborroa aurkeztu genuenean argi adierazi genuen ekarpenetara irekita zegoen dokumentu bizi bat genuela esku artean, eta ahalegina egingo genuela oposizioaren ekarpenak jasotzeko. Herritarrenak biltzeko auzoz auzo ibili gara.

EAJk hiru proposamen egin zituen, eta hirurak txertatu ditugu 2020ko aurrekontu-proiektuan.

Lehenengoa, Txikierdi eta herri sarrera lotuko dituen bidegorri proiektu bat idaztea (60.000 euro); bigarrena, Etxealdia auzorako ordenazio berri bat lantzea (50.000 euro); eta, hirugarrena Memoria eta Bizikidetzaren arlorako 15.000 euro bideratzea.

Pena dut. Legealdia adostasun handiak lortuz has gintezkeen, Usurbilen mesedetan. Bistan da EAJ, oraindik bederen, ez dago horretan. Alderdi-interesak lehenetsi ditu, herri-interesen aurretik. Badirudi beldur diela herri adostasunei. Penaz diot: aukera galdua izan da.