Alkatearekin solasean

"Ucinek hainbat neurri hartu ditu baina garbi dago ez dela nahikoa"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 18a, 14:01

Erraustegia martxoan sartuko da indarrean. Ez da herritarren kezka eragiten duen elementu kutsatzaile bakarra. Azken urteotan Ucin edota Luzuriaga bezalako enpresen ke isuriek herritarren ezinegona sortu dute. Estekatu dugun bideoan, Agurtzane Solaberrieta alkatea luze eta zabal mintzo da gai hauen inguruan.

NOAUA! Errauste-planta probaldi fasean da. Laster jarriko dute martxan. Eta orain zer?

Agurtzane Solaberrieta: Kezka handia dugu. Kezka, ezinegona eta haserrea. Egunero ikusten ditugun ke zutabe erraldoiek kezkatzen gaituzte. Ez da kutsadura gaietan aditua izan behar jakiteko hortik ez dela ezer onik aterako. Osasunak, ingurumenak kezkatzen gaitu, gure ondorengoei utziko diegun planetak. Kezka horretatik abiatuta deitu dugu manifestazioa (abenduaren 13ko manifestazioa baino lehen egina dago elkarrizketa).

 

Anerreka Ingurumen Elkarteak hauxe zioen NOAUA!n argitara eman zuen idatzian: “Astero salatzen ari gara (Ucineko) itxi gabeko teilatutik, inongo tratamendu eta kontrolik gabe, ateratzen diren fundizio keak. Nahiz eta 2018an Udalak emandako obra baimenean ezarri isurketa gune hori itxi behar zela, gaur egun aginduaren kontra, itxi gabe jarraitzen du”. Hau hala al da?

Agurtzane Solaberrieta. Gai hauetan ez naiz aditua, gauzak diren bezala.Baina gaiaren jarraipena egiten ari naiz eta Ucineko nagusiekin hainbat hartueman izan ditut. Beraiek diotenez, enpresaren jarduerak leherketa arrisku bat eragiten du eta, kasu horretan, teilatuak ezin duela itxita egon. Une honetan gai hau lantzen ari gara. Era berean, Ucinek eta beste enpresa kutsatzaileek neurriak hartu behar dituzte ke isuriak eta kutsadura murrizteko. Borondate hori izan ezean, pareta baten kontra aritzea litzateke.

 

Borondate falta sumatzen al duzu?

Agurtzane Solaberrieta. Ez, baina ez dira nahiko genukeen erritmoan ari. Enpresak hainbat neurri hartu ditu bere instalazioak modernizatzeko eta ke isuriak murrizteko, baina garbi dago ez dela nahikoa. Edonola ere, presiotik bakarrik nekez lortuko ditugu neurri eraginkorrak.  Udal gobernuaren asmoa da enpresa, instituzio eta herritarrekin batera elkarlanean aritzea.

Bestetik, ez dezagun ahaztu ingurumen konpetentzia Eusko Jaurlaritzarena dela, ez Udalarena. Hala ere, Udalak bere kabuz ikerketa lerro bat zabaldu du egoera zein den ikusi eta horren arabera zein neurri hartu behar diren jakiteko.