Urteko lehen ekitaldiak bildu ditu Udalaren kultur agendak

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 2a, 09:52
Joxan Artzeren aldeko oroimen ekimenak tartekatuko dira urtarrileko kultur eskaintzan.

Joxan Artzeren aldeko oroimen ekitaldiak, Txileri buruzko proiekzioa, Amelia Tiganusen hitzaldia, ikastaro ezberdinen abiatzea edota Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" proba dakar 2020ko lehen hilabeteko agendak. Horrekin batera ez ahaztu, greba orokorrerako deia egina dago hilaren 30erako, "Xua Gurasoekin Etxera" herri plataformak ere hainbat ekimen deitu ditu... Hemen xehetasunak.

Etxez etxe banatu du egunotan Usurbilgo Udalak urtarrileko kultur agenda. Estreinatu berri dugun 2020. urteko lehen asteak dakartzan ekitaldiak jaso ditu aipatu argitalpenak. Hasteko haur eta gaztetxoen oporraldira begira antolaturiko aisialdi ekimenak; Gaztelekuko azken txangoa antolatu dute gaurko (urtarrilak 2), Gabonetako Haur Parkea zabalik izango da urtarrilaren 2tik 4ra eta ohi bezala, erregeei harrera egingo zaie hilaren 5ean. Igande goizean postariak haurren gutunak bilduko ditu eta arratsaldez ospatuko da Erregeen Kabalkada. Hitzorduok tarteko, egun horretan bertan egokitzen zen haurrentzako euskarazko film proiekzioa astebete atzeratu da, urtarrilaren 12ra; "Pirata Arratoia" izena du, Udalak Ziortzarekin elkarlanean eskainiko duen datorren ikus-entzunezkoak.

Oroimenari ere tartea egingo zaio urte hasiera honetan. Urtarrilaren 12an Joxan Artze zendu zenetik bi urte beteko dira. Urtemuga honetan bi ekimen antolatu ditu Udalak Sutegin. Batetik, sortzaile usurbildarra hitzez omentzeko aukera izango da udal liburutegian, eta bestetik, Artzeren liburuak erakusgai jarriko dituzte kultur etxeko aretoan. Guztia, urtarrilaren 7tik 17ra.

Amelia Tiganus eta Kattalin Miner
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailetik bi proposamen hasi berri dugun urte honi begira. Batetik, Amelia Tiganus gonbidatu dute urtarrilaren 17an Sutegira, "la violencia sexual en el neoliberalismo: estrategias feministas para combatirla" hitzaldia eskaintzera. "Espainiar estatuko prostituzio etxeetan bost urtean salerosketa-trafikoa eta sexu-esplotazioa pairatu ostean, bere bizitza borroka feministari eman dionaren testigantza jasoko dugu. Adorea, ahalduntzea, erresilientzia eta militantzia feminista: subjektu politiko bihurtzeko gakoak".

Kattalin Miner gonbidatu dute baita Parekidetasun Sailetik, kasu honetan, hilaren 22an liburutegian ospatuko den euskarazko irakurketa solasaldira. Eider Rodriguezen "Bihotz handiegia" ipuin-bilduma aztertuko da, ikuspegi feminista batetik, Kattalin Miner kazetari eta idazlearekin. Liburuaren aleak eskuragarri dituzue jada udal liburutegian. 

Txileko berri
Nazioarteko gaiei ere tartea emango zaie urtarrilean; Tadamun elkargune internazionalistak antolatuta, Txileko egoeraren berri ekarriko digun "Sobrevivir" dokumentala proiektatuko da urtarrilaren 24an Sutegin. Erasmuseko egonaldia baliatuta, aipatu herrialdeko gehiegikerien inguruko lekukotzak biltzen dituen ikus-entzunezkoa. 

Greba orokorra, Xuaren aldeko ekitaldiak...
Kultur agendak bildutako hitzorduez gain, badira deialdi gehiago ere urte hasiera honetarako. Hilabete amaierarako gogoan izan, greba orokorra deitu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kideek eta eragile anitzek, lan, bizi eta pentsio duinen alde. Usurbilen herritarren batzorde bat osatu da eta hilaren 8rako deitu dute hurrengo bilera irekia. 

Xuak 3 urte beteko ditu bestalde urtarrilaren 19an. Valentziako Picassenteko espetxean dituen guraso Olatz eta Patxirengandik bereiziko dute urtebetetze egunean. Hainbat ekimen antolatu ditu asteotarako Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak. Gai honi buruzko mozioa aztertu eta bozkatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan hilaren 8an; Sarek deituta mobilizazio nazionalak Bilbon eta Baionan urtarrilaren 11n eta hilaren 19an, "Motxilak gora!" ikuskizuna antolatu dute Donostiako Atanon.

Ez ahaztu bestalde, odol ematea deitu dute urtarrilaren 13rako. Hemen xehetasunak:


URTARRILEKO KULTUR AGENDA
Urtarrilak 2-4, ostegunetik larunbatera
11:00-13:00/16:30-19:30 Gabonetako Haur Parkea Oiardo Kiroldegian.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Urtarrilak 2, osteguna
15:00 Gaztelekutik Txuri Urdinera DBH 2-koekin.
Antolatzailea: Gaztelekua.

Urtarrilak 5, igandea
Erregeak Usurbilen:
11:30 Erregeen postaria frontoian gutunak biltzen ariko da.
17:00 Errege kabalkada San Estebango plazatik. 
19:30 Erregeen etorrera eta azken ekitaldia frontoian.
Ondoren, protagonistekin egon eta hitz egiteko aukera izango da.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.

Urtarrilak 7-17
Joxan Artze guregan:
Zehaztasunak: "bi urte bete dira Joxan Artze hil zela, baina bere oroimenak bizi-bizirik dirau".

Urtemugari begira antolatu diren ekimenak:
-Joxan Artzeri idazteko liburua herritarren esku egongo da Sutegi udal liburutegian. "Idatzi txiki bat, poema bat... Joxan gogoan bihotzetik ateratzen zaigun hori idatzi ahal izango dugu bertan".
-Joxan Artzeren liburuen erakusketa Sutegi erakustaretoan.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.

Urtarrilak 8, asteazkena
09:00 "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren mozioaren bozketa Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
18:30
Urtarrilaren 30eko greba orokorra prestatzeko batzordearen bilera irekia Potxoenean.

Urtarrilak 9, osteguna
10:30 Erraustegiaren aurkako 2018ko  iraileko martxako auziperatuak babesteko elkarretaratzea Donostiako Egiako epaitegien atarian.
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Urtarrilak 11, larunbata
15:00etan Baionan eta 17:00etan Bilboko La Casillatik "Orain presoak, atera bidera" manifestazio nazionalak. Usurbildik Bilbora autobus zerbitzua. Izen ematea aurrez, Aitzagan, Txiribogan eta Bordatxon.
Deitzailea: Sare.

Urtarrilak 12, igandea
17:00 Haurrentzako zinea euskaraz Sutegiko auditorioan: "Pirata Arratoia".
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Ziortza G.E.

Urtarrilak 13, astelehena
18:00-20:30 Odol ematea anbulatorioan.
Antolatzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.

Urtarrilak 17, ostirala
19:00 Amelia Tiganusen hitzaldia Sutegin: "La violencia sexual en el neoliberalismo: estrategias feministas para combatirla".
Antolatzailea: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila.

Urtarrilak 19, igandea
11:30 Xuak hiru urte beteko dituen egunean, "Gora motxilak!" motxiladun haurren eskubideen aldeko ikuskizuna Donostiako Atano pilotalekuan Porrotxekin. Sarrerak aurrez 6 eurotan sare.eus atarian salgai. Bestela, egunean bertan 8 eurotan. 0-2 urte artekoek sarrera doan.
Deitzaileak: Sare eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena.

Urtarrilak 22, asteazkena
19:00 Euskarazko irakurketa-solasaldia Sutegi udal liburutegian. Eider Rodriguezen "Bihotz handiegia" ipuin-bildumaren azterketa ikuspegi feministatik, Kattalin Miner kazetari eta idazlearekin.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila eta Sutegi udal liburutegia. 

Urtarrilak 24, ostirala
19:00 "Sobrevivir", Txileri buruzko dokumentala Sutegiko auditorioan.
Sarrera: doan.
Antolatzailea: Tadamun.

Urtarrilak 25, larunbata
12:30 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

Urtarrilak 26, igandea
9:00 Irisasi BTT Hotzak Akabatzen Usurbilgo frontoian. 
Izen ematea: kirolprobak.com atarian.
Antolatzailea: Irisasi BTT.

Urtarrilak 30, osteguna
Lan, pentsio eta bizi duinen aldeko greba orokorra.
Deitzaileak: Euskal Herriko Eskubideen Kartako sindikatuak eta eragile anitz.

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.