Xua Gurasoekin Etxera

Sarek Bilbon deitutako manifestaziora joateko autobus zerbitzua Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 3a, 07:26

"Orain presoak. Atera bidera" aldarripean Sarek urtarrilaren 11rako euskal presoen eskubideen alde deitu duen manifestaziora joateko autobus zerbitzua izango da Usurbildik. Herriko Sare taldetik aditzera eman dutenez, aurrez bideratu beharko da izena ohiko tokietan.

Baionan 15:00etan eta Bilbon arratsaldeko 17:00etan, mobilizazio bana deitu du Sarek urtarrilaren 11rako, euskal presoen eskubideen alde. Bizkaiko hiriburukoa La Casillatik abiatuko da ohi den moduan eta hara joateko autobus zerbitzua antoolatu da Usurbildik. Herriko Sare taldeak bideratuko du zerbitzua, izena aurrez eman beharko da ohiko tabernetan.

"Orain da unea. Madrilen eratuko den Gobernu berri honen aurrean, hemen lortutako gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren adostasunak bertara eramateko. Madrileko politikariek hemen konpondu gabeko arazo bat denaren kontziente egin daitezen eta elkarbizitzarako konponbidea ezinbestekoa dela ulertzeko. Sanchez presidenteak duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETAren desegitearen ostean zentzurik ez zuela eta. Hitz ederrak, ekintzak ordea ez horrenbeste", Sareren esanetan.

"Eta orain da unea ere Baionan kalera irtekoa, Parisekin eztabaida berrabiatzeko", gaineratu du Sarek. Bilboko manifestazio amaierako mezua ETAren biktima Rosa Roderok eta GALen biktima Asun Lasak plazaratuko dutela berri eman du gaur agerraldi bidez Sarek.

Mozioa, mobilizazioa, ikuskizuna...
Euskal presoen eskubideen aldeko eta Usurbilen modu berezian, Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko ekimen gehiago ere izango dira asteotan. Batetik, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko dute hilaren 8an Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bestetik, Xuak 3 urte beteko dituen egunean, urtarrilaren 19an, "Motxilak gora!" ikuskizuna antolatu da Donostiako Atanon. 

DATOZEN DEIALDIAK
Urtarrilak 7, asteartea

22:00 "Emakumea bere bakardadean" erreportajea ETB-ren "Ur handitan" saioan. ETB1-en eta eitb.eus atarian ikusi ahalko da. Xuaren amona Mari Karmen Anza elkarrizketatuko dute.

Urtarrilak 8, asteazkena
9:00 Gipuzkoako Batzar Nagusien hileroko osoko bilkura. Bertan, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko dute. 

Urtarrilak 11, larunbata
15:00etan Baionan eta 17:00etan Bilboko La Casillatik "Orain presoak, atera bidera" manifestazio nazionalak. Usurbildik Bilbora autobus zerbitzua. Izen ematea aurrez, Aitzagan, Txiribogan eta Bordatxon.
Deitzailea: Sare.

Urtarrilak 19, igandea
11:30 Xuak hiru urte beteko dituen egunean, "Gora motxilak!" motxiladun haurren eskubideen aldeko ikuskizuna Donostiako Atano pilotalekuan Porrotxekin. Sarrerak aurrez 6 eurotan sare.eus atarian salgai. Bestela, egunean bertan 8 eurotan. 0-2 urte artekoek sarrera doan.
Deitzaileak: Sare eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena.

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.