Erregeak Usurbilen: "Eskaera asko, gutun asko jaso ditugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 5a, 21:11

Ez dute lan makala izango erregeek gaur gauean. Eskari asko omen dute, iluntzean frontoira heldu direnean adierazi dutenagatik. Oparien harira bi mezu argi helarazi nahi izan dizkiete aurrean zituztenei; oparitzeko gonbita luzatzearekin batera, opariak elkarrekin partekatzea eskatu diete.

"Eskaera asko dauzkagu, gutun asko jaso ditugu", adierazi dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek herrian barrena egin duten biraren amaieran, frontoira heldu direnean. Bereziki liburuak, Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko harrera ekitaldian adierazi dutenez. Eskaera guztiei gaur gauean erantzuten ahalegintzeko konpromisoa agertu dute.

Trukean opariak eskatu dituztenentzako eskaerak ere luzatu dituzte erregeek. "Badakizue usadioa jarraituaz, gaur gauean bai zaldientzako eta gure langileentzako esnea, gailetak, eta belarrak jarri behar dituzuela. Espero dut goiz oheratuko zaretela". 

Bihar goizean opariak jasoko dituztenentzako bi eskaera ere egin dituzte. "Oparirik onena zuen artean opariak oparitzea izango da... Opariak banatzen saiatuko gara eta zuen artean elkarrekin jolastu, elkarrekin partekatu".

Ekitaldi amaieran, haur eta gaztetxoek hiru erregeekin egoteko aukera izan dute, lanez jositako gauari ekin aurretik.