Xua Gurasoekin Etxera

Xua gurasoengandik ez bereizteko ebazpen proposamena onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 8a, 11:01
Gipuzkoako Batzar Nagusietako gaurko osoko bilkura. Irudiaren egilea: Sare.

Xua gurasoengandik ez bereizteko ebazpen proposamena onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek asteazken honetan egin duten hileroko osoko bilkuran. 49 batzarkideetatik 48 alde (EHBildu, EAJ, PSE, Elkarrekin Gipuzkoa) agertu dira eta 1 aurka (PP).

Ebazpen-proposamena aurkeztu muten alderdiek babestu dute hain zuzen aipatu proposamena bozketa garaian; EHBilduk, Elkarrekin Gipuzkoak, EAJ-k eta PSE-k. PP-k duen batzarkide bakarra agertu da soilik aurka, gainerako guztiek babestu dute Xuak urtarrilaren 19an hiru urte betetzean gurasoengandik ez bereiztea eskatzen duen ebazpena. 

Bi puntuko proposamenean, honakoa galdegiten du. Batetik, "dagokien autoritateei eskatzea behar dituzten neurriak har ditzatela, legedia kontuan hartuz ahal bezain beste bermatzeko adin txikikoa eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna; familiaren batasuna eurek sustraituta dauden ingurune sozialean lagunduz eta adin txikikoaren interes gorena babestuz". Horrekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusiak asteazken honetan hartutako erabakia urgentziaz Madrilgo Espetxe Zuzendaritzari, zigorren aplikaziorako epaileari eta Espainiako Barne Ministerioari helarazteko konpromisoa hartu dute.

Osoko bilkura gertutik jarraitzen izan dira Xua Gurasoekin Etxera herri ekimeneko ordezkariak, Sareko ordezkariekin batera.

Segidan duzue bere osotasunean, gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu berri duten ebazpen-proposamena bere osotasunean. Esteka honetan, Batzar Nagusietako osoko bilkurako zuzeneko emanaldia: https://youtu.be/dE5sAMF_NC4

IZENBURUA
Ebazpen-proposamena, urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin. Xuak, gurasoekin Picassenteko kartzelan dagoen haurrak, 3 urte beteko ditu eta bere gurasoengandik ez banatzeari buruzkoa. 

OSOKO BILKURAN BIDERATZEKO ARRAZOIA
Indarrean dagoen Batzar Nagusien Araudiko 151. Artikulua eta hurrengoek diotena ezarri behar denez, proposamena egin duten taldeek eskatzen dute ebazpen-proposamen hau Osoko Bilkuran eztabaidatu, eta hala badagokio, onartzeko.

Beraz, propasamen hau Osoko Bilkuran eztabaidatzea eskatzen dugu, gaia oso garrantzitsua baita eta, modu horretan, batzarkide guztiak bertan egon daitezen eta beren borondatea adieraz dezaten bakoitzaren botoen bidez. 

ZIOA eta/edo AURREKARIAK
Xua Lasagabaster Uranga, Picassenteko espetxean (Valentzia) sortu zen 2017ko urtarrilaren 19an. Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren alaba da. Egun, bere amarekin bizi da eta espetxe berean preso dagoen aitarekin noizbehinka elkartzeko aukera izaten du. Hilabete gutxi barru, urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu eta, Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi, bisitetan ez bada.

Eten oso mingarria izango da, jakina. Are gehiago, urruntasunak (Usurbil-Oriotik 600 km-ra dago Picassent) elkar ikusteko aukerak murriztu dizkietelako. Gure ustez, ez lukete zertan banaketaren sufrimendu gehigarria jasan behar.

Izan ere, Olatzek eta Patxik 10 urte bete dituzte preso joan den ekainean, beren 12 urteko zigorraren 3/4ak baino gehiago. Horrenbestez, Espainiako legeria arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute.

Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta eta Xuarekin gurasoekin batera, etxera ekar ditzatela.

Justiziagatik, gurasoengandik ez lituzkete banatu beharko, baina baita elkarbizitzaren mesedetan ere.

EBAZPEN PROPOSAMENA
Orioko eta Usurbilgo udalbatzarrek onartu bezalaxe, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren eta batez ere urtarrilean 3 urte egitean gurasoengandik bananduko duten euren alaba Xuaren egoera kontuan hartuta:
1-Dagokien autoritateei eskatzea behar dituzten neurriak har ditzatela, legedia kontuan hartuz ahal bezain beste bermatzeko adin txikikoa eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna; familiaren batasuna eurek sustraituta dauden ingurune sozialean lagunduz eta adin txikikoaren interes gorena babestuz.

2-Gipuzkoako Batzar Nagusiek erabaki honen berri urgentziaz emango diote Madrilgo Espetxe Zuzendaritzari, zigorren aplikaziorako epaileari eta Espainiako Barne Ministerioari.

Sinatzaileak:
Arritxu Marañon eta Susana Garcia, Euskal Sozialistak taldea (PSE).
Maria Eugenia Arrizabalaga, Eusko Abertzaleak taldea (EAJ).
David Oliden eta Maria Valiente, Elkarrekin Gipuzkoa.
Aittor Arantzabal eta Juan Karlos Izagirre, EHBildu.

Irudiak: Sare.