Amelia Tiganus ekintzaile feminista eta mugimendu abolizionistako kide ezagunaren hitzaldia ostiralean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 15a, 14:55

Sexu indarkeria neoliberalismoan eta honi aurre egiteko estrategia feministak hartuko ditu ahotan Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistako kide eta ekintzaile feminista ezagunak, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak eta M8 taldeak urtarrilaren 17an 19:00etan Sutegiko auditorioan elkarlanean antolatu duten hitzaldian. 

"Bere azalean bizitakotik eta ikasitakotik abiatuko da. Gorputzetik hitzetara. Oraindik ere zalantzak dituzue? Ziurtatzen dizuegu interesgarria izango dela eta ez zaizuela damutuko bertaratzea!", luzatu dute hitzaldirako gonbita antolatzaileek. 

1984an sortu zen Amelia Tiganus Errumanian. 13 urterekin taldean bortxatua izan zen Errumaniako eskolara bidean. 17 urterekin pobreziatik ihes egin eta etorkizun oparoagoa izateko pertsona batek Espainiara bidaiatzea eskaini zion. Berak eskaintza onartu eta kontatu izan duen moduan, 300 eurogatik saldu zioten proxeneta bati. Irakaslea izan nahi zuen arren, espainiar estatuko prostituzio klubetan bizi izan zituen ondorengo 5 urteak, Ameliak salatu izan duenez, gizonezkoen sexu indarkeria pairatzen, tortura itzela biziz. 

Abolizionismoa ezagutarazten
Kontzentrazio esparruen parekoak dira prostituzio etxeak Ameliak hedabideetan kontatu izan duenez, emakume pobreak pilatzen dituzten tokiak. Gai honetan erantzukizuna guztiona dela gogorarazten du. Amelia ekintzaile feminista ezaguna da, Euskal Herrian bizi da egun. Emakumean prostituziotik irtetea defendatzen du, pertsonen gisara tratatuak izatea. Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistako kidea da Amelia. Bertako talde eta emakume feministek sortu eta haien burua udazkenean eman zuten ezagutzera. "Gizarteak abolizionismoa ezagutzea eta mugimendu barruan jadanik existitzen den ezagutza eta kezka publiko egiteaz gain, prostituzioak, pornografiak eta alokairuzko sabelek emakumeen gorputzetan eragiten duten indarkeria salatu nahi dugu". 

Amelia Tiganusek bere bizipen eta aipaturiko gai guztiok ahotan hartuko ditu, ostiralean (hilak 17) 19:00etan Sutegin eskainiko duen hitzaldian.