2020ko udal aurrekontuak, behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 16a, 09:49

Tramitazio bidea amaitu dute; behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak hasi berri dugun 2020. urterako aurrekontuak. Hilabeteotarako erronkei heltzeko 12,3 milioi izango ditu herri honek. 

Zehazkiago esanda, 12.375.710 euro guztira. Azaroaren 28ko udalbatzarrean onartu zituzten hasieraz, eta jendaurrean egon den legezko epealdian inolako erreklamaziorik izan ez dutenez, urte berrirako udal aurrekontuak behin betirako onartuak geratu dira. 

Iaz baino 320.000 euro pasatxo gehiago izango ditu herri honek. Azaroaren 28ko udalbatzaren osoko bilkuran onartu zituzten hasieraz EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren.

Udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez, igoera izan dute herri honetako diru-sarrerek. Agurtzane Solaberrieta alkateak nabarmentzen zuenez, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru funtsa 100.000 eurotan haztea aurreikusia dute. Eta bestalde, herri honetan gauzatzeko bidean diren bi egitasmo handiek izango duten eragina ere ahotan hartu zuen; Udalak eta Matia Fundazioak Kalezarren eraikiko duten adinekoen auzune berria eta Michelin lantegiaren ondoko Zapategi lur eremura Gureak eta Elkar lantegiak ekartzeko egitasmoak hain zuzen. 

Azken proiektuon harira, aurreko legealdiak eginiko ahalegina goraipatu zuen Solaberrietak. "Lan eta harreman handiaren ondorio dira proiektuok Usurbilen lur hartzea". 

Egungo udaleko lan talde batek urte berriko aurrekontuetako gastu orokorrak kontrolatzeko ahalegina ere nabarmendu zuen alkateak. "Partidaz partida begiratu da", aurrekontu ahalik eta errealenak izan eta diru gehiago izate aldera.

Aurrekontuak onartzeko bidea
Jada bide luzea jorratu dute urtero moduan, udal aurrekontuek. Urriaren 8an aurkeztu zuen Ogasun Batzordean aurrekontu proposamena udal gobernu taldeak. Gogoan izan, aurrekontuon lanketa herritar, eragile edota udal ordezkariekin partekatu zuela udal gobernu taldeak. Batzuen zein besteen ekarpenak batzen aritu ziren azaroan zehar auzoz auzo EHBilduk egin zuen bilera errondan. Ekarpenok jasota, azaroaren 22ko Ogasun Batzordean aurrekontuok hilaren 28an egin zen udalbatzaren osoko bilkurara eramatea erabaki zuten. Eta aipatu plenoan hasieraz onartu ziren gehiengo osoz; EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren. Hasieraz onarturiko udal aurrekontuok erreklamazio epean izan ziren abenduaren 5az geroztik 15 lanegunez. Tarte horretan erreklamaziorik aurkeztu ez denez, 2020rako udal aurrekontuak behin betiko onartutzat jo dira.

2020ko UDAL AURREKONTUAK
SARREREN EGOERA

      1      Zuzeneko zergak .....................................       3.052.535,00

      2      Zeharkako zergak ...................................       1.266.568,00

      3      Tasak eta bestelako sarrerak ...................       2.426.094,00

      4      Transferentzia arruntak ...........................       5.567.327,00

      5      Ondarezko sarrerak ................................            59.186,00

      6      Inbertsio errealak besterenganatzea .........                     0,00

      7      Kapital transferentziak ............................              4.000,00

      8      Finantza aktiboak ....................................                     0,00

      9      Finantza pasiboak ...................................                     0,00

                          Guztira .......................................     12.375.710,00

GASTUEN EGOERA

      1      Pertsonal gastuak ....................................       4.276.897,00

      2      Ondasun arrunten erosketak ...................       4.973.700,00

      3      Finantza gastuak .....................................            20.000,00

      4      Transferentzia arruntak ...........................          873.478,00

      5      Kreditu globala .......................................          100.000,00

      6      Inbertsio errealak ....................................       1.743.635,00

      7      Kapital transferentziak ............................            88.000,00

      8      Finantza aktiboak ....................................                     0,00

      9      Pasibo finantzarioak ...............................          300.000,00

                          Guztira .......................................     12.375.710,00