Bi urte bete ditu, pentsio duinen aldeko borrokak

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 16a, 11:00
Usurbilen pentsio duinen alde egin izan den elkarretaratze bat.

Bi urte bete dituzte herri eta hiriburuetako plaza zein kaleetan mobilizatzen. Bizi eta pentsio duinen aldarriak bi urte bete ditu. Oraindik orain bideratzeke daude halere, pentsiodunen eskaerak. Eta protestatzen segiko dute; hurrengo hitzordu nagusia, urtarrilaren 30erako deitua dagoen greba orokorra. "Denok bildu behar gara" bertan, nabarmendu du pentsiodunen mugimenduak, ondoko idatzi honen bidez.

Pentsio publiko duin batzuen alde
Datorren urtarrilaren 15ean bi urte beteko dira gure mobilizazioak hasi genituela. Egun horretatik aurrera, astelehenero, 13 bat mila pentsiodunek okupatzen ditugu Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako herrietako plazak, dozena bat manifestazio jendetsu egin ditugu eta, hala ere, oraindik ez ditugu gure helburuak lortu.

Kaleetan mantendu dugun presioaren bidez, pentsioak alderdien agenda politikoan sartzea erdietsi dugu, eta halaber, pentsioak 2018 eta 2019 urteetarako Kontsumo Prezioaren Indizean (KPI) izandako bariazioaren arabera birbaloratzea lortu dugu; 2023ko urtarrilaren 1 arte atzeratzea Iraunkortasun Faktorea eta alargun pentsioen zenbatekoa kalkulatzea dagokion oinarri arautzaileari %60ko portzentajea aplikatuz.

Pentsiodunok ondo baloratzen ditugu gure mobilizazioen fruitu diren lorpen txiki hauek, baina ez dira nahikoa inondik ere, zeren eta bai baitaude oso garrantzitsuak diren beste aldarrikapen batzuk duintasunez bizi ahal izateko lortu ez ditugunak, eta horregatik era irmo eta iraunkorrean jarraituko dugu udaletxeen aurrean astero kontzentrazioak egiten.

Gure aldarrikapenen bidezkotasuna defendatuko dugu, batere etsi gabe: benetako KPI, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, Lanbitarteko Gutxieneko Soldata, Lan erreformen eta 2011 eta 2013ko pentsioen derogazioa eta soldata eta pentsioetan genero arrakala desagertzea.

Denok dakigu orain arteko lorpenak mobilizazioen bidez erdietsiak izan direla, baina esperientziaz badakigu behin lortutakoak, botere politiko eta finantzarioek ezabatu egiten dituztela, gure borrokan zehar lortutakoekin gertatu izan den bezala, eta beraz, gaur kalean borrokan ari bagara lehenago usurpatu egin dizkigutelako da.

Urtean zehar adierazi bezala, gure pentsioen eta ondorengoenen alde ari gara borroka egiten eta horrexegatik errepikatzen dugu soldata eta pentsioen asoziazioa, eta honela, langileak, gazteak, feministak, denok bildu behar gara urtarrilaren 30eko mobilizazio handian, sindikatuek greba orokorrera egin duten deiarekin batera, guk ere pentsiodunak garen aldetik babesten dugulako pentsioen sistema publikoaren defentsan.

Nornahik gobernatu, pentsioak defendatuko ditugu.
Pentsiodunak aurrera

AEPB-APAE