2019-23 Legealdiko Plana aurkeztuko du udal gobernu taldeak urtarrilaren 31n

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 16a, 09:55
2019-23 urtera arteko Legealdiko Plana diseinatzeko Potxoenean eginiko batzarretako bat. Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Datozen lau urteotarako, hau da, legealdi osorako plana diseinatu du udal gobernu taldeak udazkenean zehar, udal teknikari eta langileekin batera, Aztiker ikerguneak bideratu dituen lan saio ezberdinetan. Emaitza, urtarrilaren 31n jendaurrean aurkeztuko dute, arratsaldeko 18:30etan Sutegiko erakusketa aretoan.

Legealdiko erronka nagusiak aurkezteko prest da Usurbilgo udal-gobernu taldea. 2019-23 urtera arteko Legealdiko Plana diseinatzen aritu dira udazkenean zehar, udal ordezkari politikoak, udal teknikari eta langileak. Aztiker ikerguneak bideratu dituen saioetan, "EHBilduren hauteskunde programako neurriak izan dituzte oinarri Legealdiko Plana osatzeko, baina horiek ez ezik, lehendik martxan dauden proiektuek ere jarraipena izango dute legealdi berrian", aurreratu du udal gobernu taldeak.

Urritik abendurako lan prozesuaren nondik norakoak eman dituzte ezagutzera. "Lehen-lehenik, galdetegi bat bidali zieten udaleko langile, teknikari eta ordezkari politiko guztiei: denen ekarpenak kontuan hartuta egin zuen lehenengo zirriborroa Aztikerrek. Gero, langileen arteko lan-saioan, zirriborroaren inguruko ekarpenak jaso zituzten, eta behin betiko dokumentua osatu, alegia, udaleko langile guztientzat 2019-2023 legealdirako erreferentziazkoa izango den lan dokumentua", zehaztu dute.

Kanpora, herrira begirako lanak eta udal barrukoak ere jasotzen ditu Legealdiko Planak. Tartean, erronka nagusitzat jotzen dutena bideratzea; administrazio elektronikorako trantsizioa gauzatzea. Horretarako udala bera berrantolatzen hasiak dira. "Hainbat aldaketa eragingo ditu udaletxeko espazioari, artxiboari eta herritarren harrera zerbitzuari dagokienez".

Egunotan Udalak berak ezagutzera eman duen moduan, jada harrera berregituratu dute, herritarren arreta zerbitzua hobetu asmoz. Langileen eta herritarren arteko distantzia txikiagotu, arreta zerbitzu zuzenago, pertsonalagoa, diskretuagoa bideratu eta herritarren datu babesa bermatzeko aulkiak eta mahaiak jarri dituzte.

Digitalizaziorako trantsizioa egiteko legealdi osoa baliatu asmo dute, lan egiteko moduak eta ohiturak aldatu beharko baitituzte, beti helburu argi batekin; herritarrei zerbitzu hobeago eta eraginkorragoa eskaintzea.